Eduki publikatzailea

Atzealdea Anbulatorioko pediatria zerbitzua egonkortzeko bi mozio eztabaidatu dira, osoko bilkuran

EH Bilduk EAJren mozioaren aurrean aurkeztutako mozio alternatiboa onartu da. Donostialdeko ESIri beste bilera bat eskatuko dio, eta Osakidetzari, lehen arretako pediatria erakargarriago egiteko beharrezko neurriak har ditzala.

2026·07·01


Anbulatorioko pediatria zerbitzua egonkortzeko bi mozio eztabaidatu dira, ekaineko osoko bilkuran, EAJrena eta EH Bildurena. Udal-gobernuak aurkeztutako mozio alternatiboa onartu da, EH Bilduren botoekin; PSE-k abstentziora jo du, eta EAJk aurka bozkatu du. EAJren mozioa, berriz, ez da onartu, EH Bilduren aurkako botoak jasota; PSE-EEk abstentziora jo du.

EAJk, bere mozioan, kezka agertu zuen “mediku eta pediatra espezialisten gabeziak” sortzen dituen zailtasunen aurrean, eta, bereziki, Usurbilgo pediatria-plazaren egonkortasuna bermatzeko beharraren aurrean. Zentzu horretan, Osakidetzari eskatzen dio lanean jarrai dezala plaza horren estaldura egonkorra lortzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Horrekin batera, udalak bere jabetzako etxebizitza bat pediatria-plazaren estaldura errazteko baliabide gisa aztertzeko konpromisoa hartzea eskatzen zuten jeltzaleek, “alokairu sinbolikoaren edo antzeko formula baten bidez, betiere bideragarritasun juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa bermatzen bada”, baita beste aukera batzuk aztertzeko ere.

EH Bilduk EAJren mozioa bere horretan babestu ezin duela aipatzen du mozio alternatiboan, “onartuko bagenu, herrian pediatria zerbitzuarekin dugun arazoaren muina desbideratzeko arriskua” egon daitekeela argudiatuta. Eskumen nagusiak Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren esku egon arren, guztien elkarlana eta inplikazioa eskatzen dira pediatria zerbitzuaren erronkari aurre egiteko.

Onartutako mozioaren bidez, udalak zenbait konpromiso hartuko ditu bere gain. Batetik, Donostialdeko ESIri beste bilera bat eskatuko dio, egoera aztertu, ematen ari diren urratsen berri jaso eta konponbideak lantzeko. Bestetik, osasunaren sustapena eta prebentzioa indartzeko programak garatzen jarraitzeko, lehen arretako profesionalekin, herriko eragileekin eta komunitatearekin elkarlanean, osasun komunitarioaren ikuspegia sendotuz. Horrekin batera, Osakidetzari eskatu dio lehen arretako pediatria erakargarriago egiteko beharrezko neurriak har ditzala, bereziki kontratazio eredua eta lan-baldintzak hobetzeko bidean, eta plantillen errealitate soziala eta feminizazio-maila kontuan izanda. Era berean, udalak idatzi bat helaraziko die Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, egoera azalduz eta Osasun Sailari eta Osakidetzari konponbideak eskatzeko beharrezko ekimenak susta ditzaten eskatuz. Udalak aztertuko du, aldi berean, betiere bere eskumenen baitan eta diskriminazio egoerak saihestuz, herriarentzat estrategikoak diren lanpostuetara profesionalak erakartzea eta atxikitzea erraz dezaketen neurriak martxan jartzeko aukera, betiere Osakidetzak hala eskatuko balio.

EH Bilduren mozioa (PDF): hemen.

Onartutako mozioaren konpromisoak:

1. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzari beste bilera bat eskatzeko, herrian pediatria zerbitzuarekin dagoen egoera aztertu, ematen ari diren urratsen berri jaso eta konponbideak lantzeko. Beharrezko ikusten dugu udal ordezkaritza zabalarekin batera, bilera horretan herriko guraso taldeak ere parte hartzea.
2. Usurbilgo Udalak eskatzen dio Osakidetzari lehen arretako pediatria erakargarriago egiteko beharrezko neurriak har ditzala, bereziki kontratazio-eredua eta lan-baldintzak hobetzeko bidean, eta plantillen errealitate soziala eta feminizazio-maila kontuan izan ditzala.
3. Usurbilgo Udalak idatzi bat helaraziko die Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, herriko pediatria zerbitzuaren egoera azalduz, eta Osasun Sailari eta Osakidetzari konponbideak eskatzeko beharrezko ekimenak susta ditzaten eskatuz. Halaber, talde politikoei eskatuko diegu Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Usurbilgo egoeraren gaineko azalpenak emateko aukerari bide emateko.
4. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenen baitan osasunaren sustapena eta prebentzioa indartzeko programak garatzen jarraitzeko, lehen arretako profesionalekin, herriko eragileekin eta komunitatearekin elkarlanean, osasun komunitarioaren ikuspegia sendotuz.
5. Halaber, Udalak aztertuko du, beti ere bere eskumenen baitan eta diskriminazio egoerak saihestuz, herriarentzat estrategikoak diren lanpostuetara profesionalak erakartzea eta atxikitzea erraz dezaketen neurriak martxan jartzeko aukera, beti ere Osakidetzak hala eskatuko balio.