Eduki publikatzailea

Amianto hondakinak uzteko zerbitzua, Garberako garbigunean

Printzipioz, hilean behin izango da amiantoko hondakinak uzteko aukera, eta azaroaren 4an jarriko dute martxan.

2019·10·24


Fibrozementuzko hondakinak eta objektuak biltzeko zerbitzu bat jarriko du martxan San Marko mankomunitateak Garberako garbigunean: mota horretako materialen kopuru txikiak dituzten herritarrei bilketa zerbitzua eskaintzea da helburua. Printzipioz, hilean behineko zerbitzua izango da: azaroaren 4ean izango du lehenengo eguna.

Material horrek, garbigunean utzi ahal izateko, baldintza batzuk bete beharko ditu: ez da hauskorra izango, egoera onean egon beharko du, eta ez du desmuntatzeko beharrik izango. Horrez gain, “ibilgailu berezirik gabe garraiatzeko modukoa eta manipulagarria” izan beharko du, San Markotik jakinarazi dutenez. Amianto hondakin horien gehienezko neurriak eta kopuruak ere zehaztu dituzte:

- 2 fibrozementuzko plaka (4 m2 eta 50 kg-tik beherakoak).

- 3 ml-ra arteko hodi zati bat.

- 5 jardinera.

- 30 kg-ra arteko elementu apaingarri edo bereziak.

Hortik gorakoak izatekotan, baimen berezi bat eskatu beharko dute erabiltzaileek. Bertaratzean, inprimaki bat bete beharko da, eta NANa aurkeztu: ibilgailuarekin joango dira garbigunearen barruan horretarako mugatutako eremuraino, eta han zerbitzu hori eskaintzeko espresuki kontratatutako langile berezituek lagunduko diete.

Erabiltzaile partikularrei zuzenduta dago zerbitzua, beraz, udal bilketako enpresen, industriak eta saltokiek ezingo dituzte halako hondakinak hara eraman.

Ordutegia

Goizez: 10:00-13:00.

Arratsaldez: 15:30-18:30.