Eduki publikatzailea

Atzealdea Amaitu dira Pelaioenearen estalkia eta egitura egonkortzeko lanak

Material natural eta iraunkorrekin berritu dute. Eraikina bi proiekturen egoitza izan dadin ari da lanean udala: auzo-ekipamendua eta Emakumeen Etxea. Hala, eraikinaren barruko egitura irailean abiatuko diren bi parte hartze prozesuren arabera zehaztuko da.

2020·08·26


Pelaioenearen estalkia eta egitura egonkortzeko lanak amaitu dituzte dagoeneko. Duela bi urte jakin zuen udalak, 2018ko udan, eraikina arriskuan zegoela, ezer egin ezean. Hala, segurtasuna bermatzea helburu, lanei ekin zieten. Amiantoa zuen kanaloi bat eta teilatua kendu zituzten, baita barruan erortzear zeuden egitura zatiak erretiratu ere. Segurtasuna bermatuta, hormak egonkortzea eta teilatua jartzea izan da bigarren urratsa. Hurrengoa, barruko egitura zehaztea izango da.

Eraikina bi proiekturen egoitza izan dadin ari da lanean udala: Kalezarrentzako auzo-ekipamendua eta Emakumeen Etxea. Hain zuzen, parte hartze prozesu bana abiatuko da irailaren 19an etorkizuneko Pelaioenea eraikitzen hasteko: biek ere Kalezar auzo bizigarriagoa izan dadin laguntzea da helburua. Kalezarko plazan egin dute hitzordua, 12:00etan [euria egingo balu, Sutegin izango litzateke]. Parte hartu ahal izateko, beharrekoa izango da asistentzia jakinaraztea, edukiera kontuak direla eta [telefonoz: 943 37 71 10 / posta elektronikoz: parekidetasuna1@usurbil.eus].

Material natural eta iraunkorrekin berritu dute Pelaioenea, hori baita udalak eraikinak birgaitzeko oinarri izaten duen irizpideetako bat. Pelaioeneak, orain, egurrezkoa eta teila mistoko teilatua du. Jatorrian, eraikinaren sarrera nagusia Belmonte kalean zegoen, eta orain ate bana jartzeko bi irekiera egin dizkiote fatxadan, plazara eta aparkalekura bana. Hala, eraikinaren erabileraren inguruko proiektua definitzen doan heinean, Kalezarko espazio publikoa aktibatzeko tresna izango dira.