Eduki publikatzailea
Atzealdea Alkateari eta udaleko gizarte langileei babesa adierazteko adierazpen instituzionala onartu dute, aho batez
2024·12·02
Alkateari eta udaleko gizarte langileei babesa adierazteko adierazpen instituzionala onartu dute, aho batez, azaroko osoko bilkuran. Dokumentuan zehazten denez, Usurbilgo Udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoek elkarrekin sustatu dute adierazpena, azken hilabete luzeetan herriko alkateak eta gizarte langileek herritar baten aldetik jasaten ari diren eraso eta irain etengabeengatik.
Duela urtebete inguru hasi zen herritar bat alkatearen eta gizarte zerbitzuetako langileen aurka. “Ordura arte bizi ziren etxebizitzaren kontratua amaitzearen ondorioz, eta beste bizileku bat topatzeko zailtasunen aurrean, udalera jo zuen larrialdietarako etxebizitza bat eskatuz. Udaletik egin den kudeaketarekin kexu izan da hasieratik, eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du. Hasieratik gaur arte, ia urtebetez, etengabeak izan dira, ondorioz, alkateak eta gizarte langileek jasan behar izan dituzten irainak, erasoak eta mehatxuak”, azaldu dute.
Zehaztu dutenez, “mezu onartezinak” jaso dituzte, emailez, ia egunero. Alkatearen etxe inguruan kartelak eta pintadak maiz azaldu dira, eta bere eremu pribatuan ere sartu da, bere alaben aipamen etengabea eginez. Gizarte Zerbitzuen departamentuari su emango ziola ere mehatxu egin izan du inoiz telefono deietan, baita eraso egingo ziela mehatxu egin ere.
Herritarraren kexuen aurrean udalak azalpenak behin eta berriz eman dizkio, eta alkateak erasoak eteteko eskatu izan dio behin eta berriz. “Haatik, bere jarrera oldarkorrean jarraitzen zuela ikusirik, alkateak epaitegian haren aurkako salaketa jartzea erabaki zuen, eta abenduaren 3an deitu dute deklaratzera”. Udalbatzako kideen ustez, salaketa “ezinbesteko urratsa” da udalaren funtzionamendu arrunta eragozten duen jazarpen publikoa geldiarazteko. “Herritarren adierazpen askatasuna eta erakundeon jarduna kritikatzea eta horien aurrean kalean haserrea, protesta eta kexua azaltzea beharrezkoa eta zilegi bada ere, herritar horrek marra gorriak gainditu ditu”.
Herritar horrek Arartekora ere jo zuen, eta Arartekoak, gaia landu ostean, bere babesa adierazi zien, baita ere, alkateari eta gizarte langileei. “Gizarte Zerbitzuetatik burutu kudeaketa osoa jasotzen zuen espediente osoa igorri zitzaion, eta Arartekoak ebatzi zuen Usurbilgo Udalak zuzen jokatu zuela, eta, horrenbestez, itxi eta artxibatu egin zuen herritar honek erakunde hartara igorritako kexa-espedientea, egiaztatu ahal izan zuelako “oinarrizko gizarte-zerbitzuek eskatu ahal zaizkion eskuhartzeak egin zituztela, kexagileari dirulaguntzak emateko eta beste etxebizitza bat bilatzeko aholkularitza emateko”. Era berean, “Arartekoak deitoratu eta arbuiatu egin zituen irainak eta mehatxuak erabiltzea, horiek gertatzen diren esparrua edozein dela ere”. Horregatik, elkartasuna adierazi zion bai alkateari bai zerbitzua osatzen duten profesionalen taldeari.
Gizarte langileei ez ezik, alkateari babesa helarazteko adierazpen instituzionala izanik, alkateak berak ez zuen bozketan parte hartu.
Adierazpena, osorik: hemen.