Eduki publikatzailea
Atzealdea Alegazioak erantzunda, haur eskolako ordenantzari behin betiko onarpena eman diote, osoko bilkuran
2024·06·28
Haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantzari aurkeztutako alegazioak erantzun eta behin betiko onarpena eman diote, ekaineko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJk abstentziora jo du. Horrez gain, haur eskola zerbitzuaren esleipena ere aztertu dute: Udarregi ikastolari esleitu diote zerbitzua, alegia, lizitazio prozesuan aurkeztu den hautagai bakarrari.
Apirilaren 11ko ezohiko osoko bilkuran hasierako onespena jasota, haur eskolako ordenantza jendaurrean egon da, eta zazpi alegazio jaso ditu, guztiak entitate bakar batek eginak, zehazki, Udarregi ikastolak: lau onartu dira, eta hiru baztertu. Hezkuntza teknikariaren esanetan, alegazioak “oso teknikoak” izan dira. Onartutako bi alegaziok ordutegiei egiten die erreferentzia, goiko irteerei eta eguerdiko sarrerei. Hirugarren batek plazen erreserbei eragiten die: erreserbak gehienez ere zortzi hilabetez luzatu ahal izatea. Onartutako laugarrenak, berriz, ratioei egiten die erreferentzia: adin ezberdineko haurrak gela berean multzokatzen diren kasuetan hezitzaileen ratioak zein izan beharko lukeen zehazteko eskatzen da. Gainerako hiru alegazioak baztertu egin dituzte: bi, askaririk ez eskaintzea proposatzen delako, ordenantzan ezarritakoaren aurka, eta hirugarrena, eskatzen dena araudiko 2. puntuan jada zehaztuta dagoelako.
Alegazioak banan-banan bozkatu dituzte. Onartutako lau alegazioak ordenantzari txertatuta, ordenantza bera behin betiko onartu dute, hori ere, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. GAOn argitaratu bezain pronto jarriko da udalaren webgunean ere.
Udarregi ikastola, esleipendun
Haur eskolaren zerbitzua esleitzeko espedientea abiatzeari apirileko bilkura horretan bertan eman zioten onespena. Maiatzaren 23ra arte zegoen proposamenak jasotzeko epea, eta lizitatzaile bakarra aurkeztu zen: Udarregi ikastola. Ekaineko osoko bilkuran, zerbitzu horri esleitzea onartu dute, hori ere EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Azken horrek azaldu duenez, puntu guztietan abstenitu dira “beste eredu bat” defendatzen dutelako. “Zerbitzua oso ona izango den zalantzarik ez dugu, baina uste dugu flexibleagoa izan beharko litzatekeela, kontziliazioa errazteko”. Horrez gain, zerbitzuaren doakotasuna defendatu dute, “Partzuergora jo nahi ez bada, udalak ordainduz osorik gurasoen kuotak”.
Kontratua Udarregiri esleitu zaio, hezitzaileen gehienezko orduko prezioa 32,00 euro/orduko, BEZ salbuetsita. Era berean, 2024ko aurrekontuan, kontratua burutzeko 180.943,33 euroko gastua xedatzea onartu dute.