Eduki publikatzailea
Atzealdea Aginagarrentzat gonbidapena
2025·10·27

Urriaren 31n hitzordu garrantzitsua (historikoa ere esango nuke) dugu Aginagan: Aginaga biziberritzeko helburu duen lankidetza hitzarmena sinatuko dugu Usurbilgo Udalak eta Aginagako herri kooperatibak, Arrate ostatu eraberrituan. Azken hilabete luzeotan ondutako proiektuaren nondik norakoen berri eman eta, hitzarmen honetatik eratorrita, alde bakoitzak Aginagarako hartzen dituen betebehar eta konpromisoen berri eman nahi dugu jendaurrean.
Zergatik, bada, hitzarmen honen beharra?
Gure inguruan gero eta nabariagoa da herrigune txikien higatzea. Zahartze-tasa altuko eremuak dira, zerbitzuak eteten eta desagertzen doaz, garai bateko eredu ekonomikoari heldu ezin eta erreleboaren falta dago... Egoera horren aurrean, Euskal Herriko landa eremuetako herri txiki askotan ostatuek, tabernek, janari-dendek... negozio huts izateari utzi diote eta elkargune eta laguntza komunitarioko gune gako bihurtu dira.
Testuinguru honetan jaio zen 2022an Aginaga Biziberritzen ekimena, herriko eragile ezberdinen arteko elkarlana oinarri, bokazio argi batekin: lurralde-kohesioan eta despopulazioaren aurkako borrokan eragin, burujabetza, komunitatea eta elkartasuna zutarri izango zituen herri-estrategia bat garatzeko. Horretarako, bi bide jorratu zituzten: batetik, auto-antolaketan urratsak egin, eta herri kooperatiba eratu dute agiñarrek, eta, bestetik, Usurbilgo Udalarekin lankidetzan aritzeko bideak landu dituzte.
Usurbilgo Udalean gertutik jarraitu dugu prozesu hori: Agiñaren inguruan egiten den diagnostikoarekin bat egiten dugu neurri handi batean, eta konponbideen estrategia konpartitua eraiki nahi izan dugu. Hain justu, helburu horrekin jarri genuen martxan deialdi publiko bat ekainean, Aginagako beharrei modu komunitario eta kooperatiboan aurre egin diezaieketen proiektuei aurkezteko aukera emanez. Proiektu irabazlea Aginagako Herri Kooperatibak aurkeztutakoa izan da, eta, beraz, proiektu hori garatzeko sinatu berri dugun hitzarmena izango da urriaren 31n aurkeztuko duguna.
Hala, Aginagaren tokiko garapen sozioekonomikoa modu eraldatzaile eta kooperatiboan sustatzen duen proiektu integrala da osatu dutena, eta horren mesedetan lagako dizkio Usurbilgo Udalak Aginagako kooperatibari bertako bi udal ekipamenduak. Batetik, Eliza Zaharra: komunitatearen zerbitzurako espazio izatea izango da horren helburu nagusia. Erabilera sozial komunitarioa bermatu eta Aginagako astialdi eta kultura programatzaileen sarea zaindu eta indartuko du. Bestetik, Arrate ostatua: bertan taberna, jantoki komunitarioa eta denda izango dituen bilgunea bilakatzea izango da helburua, herritarrak saretzeko eta elkar zaintzeko leku bat izan dadin nahi da, izan eskola komunitateko jendearentzat, adinekoentzat zein herritarrentzat, orokorrean.
Berri ezinhobeak datoz, beraz, Agiñatik. 31n ikusiko dugu elkar!
