Eduki publikatzailea

Aginagan Elutx bidea egin ahal izateko lur jabeekin adostutako hitzarmena onartu dute, hasieraz, osoko bilkuran

Elutx gunea eta Aginagako kaxkoa lotuko dituen oinezkoen eta bizikleten bidea egitea da hirigintza hitzarmen horren helburu nagusia. Lurzorua udalari doan eta kargarik gabe lagatzeko konpromisoa hartu dute lur jabeek. Udalak egingo ditu obrak, eta dagoeneko hasita dago exekuzio proiektua idazten. Iragarkia GAOn argitaratutakoan, 20 eguneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko.

2022·05·27


Aginagan Elutx bidea egin ahal izateko udalak lur jabeekin adostutako hitzarmena onartu dute, hasieraz, maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. Erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, eta jendaurrean egongo da 20 egunez, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan.

Elutx gunea eta Aginagako kaxkoa lotuko dituen oinezkoen eta bizikleten bidea egitea da udalak eta Orbegozo-Salsamendi anai-arreben artean izenpetu beharreko hitzarmenaren helburu nagusia. Akordioaren bidez, lur jabeek konpromisoa hartu dute lurzorua udalari doan eta kargarik gabe lagatzeko, udalak berak obrak egin ditzan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak jakinarazi duenez, dagoeneko hasia da exekuzio proiektua idazten, Origami arkitekto taldearekin, “ahalik eta azkarren bideratzeko asmoz”.

Elutx bideak Aginagaren eta aginagarren eskaera historiko bati erantzuten diola nabarmendu du alkateak. “Eskola txikira joaten diren haur gehienak Elutx eremuan bizi dira, eta ez dago zuzeneko konexio segururik: eskolara joateko derrigor atera behar dute N634 errepidera, eta haurren autonomia garatzeko traba da hori”.

Oinezkoen eta bizikleten bidearekin batera, 27 etxebizitza antolatuko dira bidearen inguruan, 3 partzelatan banatuta, eta berdegune atsegin bat ere izango du alboan. “Egungo Aginagaren bizi kalitatea eta mugikortasuna hobetzeko eta ingurune berde atsegin bat izateko aukera ireki zaigu”.

Olarriondoko hitzarmena, behin betiko onartua

Olarriondoko eremua antolatzeko lur jabeek eta udalak adostutako hirigintza hitzarmena ere landu dute maiatzeko osoko bilkuran. Izan ere, martxoan hasieraz onartu ostean, jendaurrean egon da: ez du alegaziorik izan, eta, beraz, osoko bilkuran behin betiko onartu dute, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJ abstenitu egin da.

Matiaren eraikigarritasun eskaerak, aurrera beste behin

Hirigintzari lotutako hirugarren puntu bat ere landu dute maiatzeko osoko bilkuran, hain zuzen ere, Matiak Kalezarko zaintzadun auzunean bizi osorako alojamenduak eskaini ahal izateko eraikigarritasuna handitzeko eskaerarena. 2021Eko abenduan heldu zen gaia udalbatzara lehenengo aldiz. Hasieraz onartu zuten orduan, eta jendaurrean egon da. Hainbat txosten sektorial egin dira proiektuaren inguruan, eta Matiak bere proiektuan txertatu ditu. Hala, udal-arkitektoak aldeko txostena egin du, eskatu diren baldintzak bete dituztela baieztatuz. Hori horrela, behin-behineko onarpena eman dio, berriz ere, udalbatzak, aho batez, tramitazioan urrats bat gehiago eginez. Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren lurralde antolaketako batzordera bidaliko dute espedientea: aldeko txostena jaso ostean, Gipuzkoako Aldundira bidaliko dute, eta horrek emango dio behin betiko onarpena.