Eduki publikatzailea
Atzealdea Aginagako ur zikinak kolektorera bideratzeko eskatu dio Usurbilgo Udalak Añarberi
2017·09·27
Astearte honetan bilera bat izan dute Usurbilen udal ordezkariek (Xabier Arregi alkateak eta Jone Urdanpilleta zinegotziak) eta Añarbeko Uren Mankomunitatearen ordezkariek (Josean Ercilla zuzendari berriak eta Enrique Noain zuzendari ohiak). Ercillak bere burua aurkeztu du, eta elkar ezagutzeko balio izan du bilerak. Udal ordezkariek herriko hainbat gairen errepasoa egin dute, eta iraganetik datozen eskaerak birgogoratu dizkiote zuzendari berriari. Besteak beste, Aginagako ur zikinak araztea udalaren lehentasun handieneko obra dela adierazi, eta eskaera horri lehenbailehen erantzuteko eskatu diete.
Hitzarmen batean jasota dago obra hori bi erakunderen artean ordainduko dutela: Uraren Euskal Agentziak % 75 eta Añarbe Mankomunitateak % 25. Añarbe prest agertu da berari dagokion partea jartzeko. Hala ere, zailtasunak ikusten ditu epe motzean Uraren Euskal Agentziak proiektuari aurre egin diezaion. Udalak proiektu honetarako beharrezkoak diren eragile guztiek konpromisoa har dezaten lanean jarraituko du; Añarbek egitasmoa lantzen segitzeko konpromisoa hartu du.