Eduki publikatzailea
Atzealdea Agerreazpiko udal baratzeen kontzesioak berritzeko deialdia
2023·02·27

Usurbilgo Udalak Agerreazpiko udal-baratzeen kontzesioak berritzeko deialdia egin du: otsailaren 28tik martxoaren 20ra izango da eskaerak aurkezteko epea. Esleipendunak zozketa bidez ebatziko dira, eta partzela baino eskatzaile gehiago badaude, itxaron zerrenda ere osatuko dute; hala, partzela bat kontzesioa bukatu aurretik hutsik geldituko balitz, zerrenda horretako lehenengoak ordezkatuko du. Guztira, 60 partzela daude Agerreazpiko baratze parkean: 30m2-ko 36 partzela eta 60m2-ko 24 partzela. GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dituzte deialdiaren oinarriak.
Partzelen emakida edo kontzesioa zozketa bitartez ebatzitako da, hurrengo prozedura jarraikiz:
- Prozesuan parte hartzeko, ezinbestean eskaera Usurbilgo Udalean aurkeztu beharko da, gaur argitaratu diren oinarrietan dauden 2.n eta 3.n eranskinak beteta.
- Eskaeren artean lehentasun taldea osatuko dute langabetuek, jubilatuek, pentsiodunek, gazteek (gehienez ere 25 urte), familia ugariek, emakumeek eta udal baratzetako konpostatze komunitarioko arduradunak. Lehen zozketa, lehentasuna dutenen artean izango da. Ondoren, partzelarik esleitzeko balego, gainontzeko eskatzaileen arteko zozketa izango da.
- Esleipendun berriak lehendik udal baratzeen erabiltzaileak badira, aurretik lantzen duen udal baratza esleituko zaio, azalera bereko baratza eskatzen badu.
- Esleipendunen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea izango da alegazioak aurkezteko. Horren ostean, onartutakoen eta baztertuen behin-betiko zerrenda argitaratuko da. Dena den, zerrenda horretan onartuta egoteak ez du esan nahi partzela zuzenean adjudikatu denik: partzelen adjudikazioa egiteko beste zozketa publiko bat egingo da, Sutegin (aurrerago jakinaraziko da zein egunetan izango den).
Erabiltzaileek Agerreazpiko udal baratzeen elkartearen parte izan beharko dute: uko eginez gero, edo elkarteko betebeharrak ez egiteak partzela erabiltzeko eskubidea galtzea dakar.
Udal baratze parkeak hamar urte bete ditu aurten: bi aldiz esleitu dira partzelak orain arte, 2013an eta 2018an, eta aurtengoa, beraz, hirugarrena izango da. Aurrekoetan bezala, esleipenok ere bost urterako izango dira, 2028. urtera arte.
