Albisteak
Atzealdea

Agerrazpi eremuko urbanizazio lanak hasiko dira datozen asteetan

Eremuaren jabe den Aburuza enpresak gutxi barru abiatuko ditu obrak, Aranerrekaren zati bat barne. Lur Paisajistak enpresak idatzi du Aranerrekaren zati hori urbanizatzeko exekuzio proiektua, udalarekin elkarlanean, bere osotasunean kontuan hartuta, eremuaren parke izaera indartzeko asmoz.

2021·09·29


Datozen asteetan Agerrazpi eremuko urbanizazio lanak hasiko dira, eta, besteak beste, Aranerreka inguruan ere zenbait esku hartze egingo dituzte. Aburuza enpresa da Agerrazpiko eremuaren jabea: etxebizitzak egingo ditu bertan, baina horren aurretik ingurua urbanizatzeko lanak egitea erabaki du. Urbanizazio lanen barruan egingo dituzte Aranerrekako zati horri dagozkion lanak ere, Lur Paisajistak SL-rekin batera. Dena den, orain zati horretako obrak abiatuko dituzten arren, Aranerreka bere osotasunean aztertu eta hobetzeko azterlana egina du, udalarekin elkarlanean, Lur Paisajistak enpresak: izan ere, aurrera begira, zenbait hobekuntza egin nahi ditu udalak Aranerrekan eta, elkarlan horren bidez, eremu guztian paisaia irizpide berberak jarraitzea bermatu nahi dute.

Agerrazpiko eremuaren barruan dago Aranerrekaren zati bat, eta albo banatan izango ditu Ugartondoko eta Agerrazpiko urbanizazioak. Bi-biek Aranerrekako parkearen garrantzia areagotuko dute, Lur Etxeberria zinegotziaren esanetan. “Herrigunean bertan natur gune zabal bat izango dugu, erosoa eta atsegina. Horrez gain, herria hazten ari da [Ugartondo, Agerrazpi, Kalezar, Matia], eta, beraz, Aranerrekak guztien lotura egin dezan nahi dugu, eta, horretarako, sarbide gehiago izango ditu etorkizunean. Egunerokoan, herriko joan-etorriak erosoago izan daitezen lagunduko du, baita ere, herriko gune desberdinak lotuz”.

Aranerrekaren azterketa abiatu zutenean, 2019an, aurrera begira jarraitu beharreko sei irizpide finkatu zituzten: ibaiko ekosistema bultzatzea, ibilbide sarea indartzea, parkean zehar erakarguneak sortzea, jolasguneak areagotzea eta segurtasuna bermatzea, beti ere, jasangarritasun irizpideak oinarri hartuta.

Aranerreka osoa kontuan hartuta landutako proiektua udazkenean aurkeztuko dute, eta udalak ekitaldi hori baliatu nahi du herritarren ekarpenak jasotzeko. “Orain, nolabait, 800 metroko luzera duen ibilbide lineala da. Asmoa da zirkuitu formatua ematea, eta bere osotasunean dauden gabeziak zuzendu, eta esku hartze handirik egin gabe, parkearen elementu naturalak nabarmentzea”.

Aranerrekaren parke izaera

Parkea bere osotasunean hartuta, hiru zati desberdindu daitezke. Batetik, herrigunetik hurbilen dagoen zatia: garatuta dago dagoeneko, baina aurrerago hobekuntzak egitea da udalaren asmoa. Bestetik, parkearen beste muturra dago: hori da datozen asteetan Lur Paisajistak SL enpresak garatuko duena. “Erakarpen elementuak izango ditu, mahaiak, aulkiak... Tartean gelditzen den banbuen zutabea kendu egingo dugu, espazio jarraitua izan dadin, eta haritzak ere landatuko ditugu. Bertako baserriak herrigunearekin lotzeko bide berri bat sortuko dugu, parkea oinezkoentzako soilik izan dadi”, azaldu du Iñigo Segurola paisajistak. Azkenik, Puntapaxeko zubiaren inguruan, bi muturrak lotzeko lanak egingo ditu udalak aurrerago, Aranerrekako zirkuitua sortzeko asmoz. Hau da, orain obrak mutur batean egingo badira ere, bere osotasunean hobekuntzak egin eta Aranerreka 6,5 Ha-ko azalera izango duen herri parkea izan dadin nahi du udalak, alegia, herriko parke nagusiena.

Aranerrekako erreka eta horren ingurua biziberritzeko lanak egin zituen udalak duela hiruzpalau urte. Horrez gain, Kale Irekiak parte-hartze prozesuan, parkean jolaserako elementuak sortzeko eskatu zuten haurrek, haiekin propio egindako saioetan. Aurtengo udaberrian bertan, Kalezar azpiko zatian, garbiketa lanak egin ditu. “Udalak orduan abiatutako bideari jarraipena eman nahi dio aurrera begira”, azaldu du Etxeberriak.