Eduki publikatzailea

Adostasun giroa nagusitu da azaroko osoko bilkuran bozkatutako mozio eta erakunde adierazpenetan

Aho batez onartu dituzte Azaroaren 25eko eta Abenduaren 3ko erakunde adierazpenak, baita Egiari Zor Fundazioak aurkeztutako mozio eskaera ere. Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren harira Tadamun elkarteak aurkeztutako erakunde adierazpena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dute; PSE-EE abstenitu egin da.

2020·11·27


Adostasun giroa nagusitu da azaroko osoko bilkuran. Lau mozio eta erakunde adierazpen bozkatu dituzte, eta horietatik hiru aho batez onartu dituzte: Azaroaren 25ekoa, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunaren harira, Abenduaren 3koa, Euskararen nazioarteko egunaren harira, eta Egiari Zor Fundazioak aurkeztutako mozioa, 1978 eta 1999 artean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 legeak eskainiko dien erreparazioa babesteko. Mendebaldeko Sahararen su-etenaren amaieraren aurrean Usurbilgo Tadamun elkarteak adierazpen instituzionala egiteko proposatutako dokumentuak EH Bilduren eta EAJren aldeko botoak jaso zituen; PSE-EE abstenitu egin zen.

PSE-EEko ordezkariak, bere aldetik, abstentziora jotzeko arrazoien berri eman zuen: “Mozioaren arimarekin bat egin arren, [Espainiako] Gobernuko alderdi bezala, ezin dugu testu honetan agertzen den terminologia partekatu”. Izan ere, haren esanetan, Marokorekin lankidetza “ezinbestekoa” da gobernuarentzat. “Azpimarratu nahi du Mendebaldeko Saharari baliabideak eta babesa eman nahi dizkiegula, eta hau lortzeko nazioarteko komunitatearekin batera joan behar dugula. Europak eta Espainiak gehiago egin dezakete, nahiz eta irtenbideak oso oreka hauskorrean datzan”. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak erantzun zion “penaz” hartu zuela abstentzio botoa: “Espainiak bere ardura eta erantzukizunak bere gain hartu behar ditu, beste aldera begiratu edo pasiboki jokatu ordez. Espainiako Gobernuak jarrera tinkoagoa izan beharko luke. Gure erantzukizunei iskin egitea da oraintxe gatazka honek behar ez duena. Marokoren okupazio ilegala salatu eta bere autodeterminaziorako eskubidea babestu beharko luke”.

Erakunde adierazpena: Azaroaren 25a.

Mozioa: 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 legeak eskainiko dien erreparazioa.

Erakunde adierazpena: Abenduaren 3a.

Erakunde adierazpena: Mendebaldeok Saharako su-etenaren amaiera.