Albisteak
Atzealdea

Adinekoei Covid ziurtagiria ateratzen laguntza, bihar eta etzi, Aginagan, Santuenean eta kaxkoan

Covid ziurtagiria lortzeko lau txanda egingo dituzte Aginagako, Santueneko eta Artzabalgo jubilatuen elkarteek ostiralean eta larunbatean.

2021·12·16


Aginagan, Santuenean eta kaxkoan adinekoei Covid ziurtagiria ateratzen laguntzen arituko dira bihar eta etzi. Aste honetan sartu da indarrean Covid19-aren aurkako txertoa hartu izana egiaztatzen duen ziurtagiria erakusteko Eusko Jaurlaritzaren dekretua, eta horrek adineko ugari utzi ditu nora jo ez dakitela. Asko udaletxera joan dira laguntza eske, eta horren aurrean, udalak eta Aginagako, Santueneko eta kaxkoko jubilatuen elkarteek adostu dute teknologia digitaletan trebeak ez diren adinekoei laguntza eskaintzea.

Lau txanda egingo dituzte, bi egunetan banatuta:

Ostirala, 17: 11:00-13:00 eta 17:00-19:00.

Larunbata, 18: 11:00-13:00 eta 17:00-19:00.

Aginagako Arrate jubilatu elkartea, Santueneko Gure Elkartea eta Artzabalgo Gure Pakea elkarteko jubilatuak zein zahar egoitzetako tabernetako arduradunak laguntzeko prest azaldu dira lehenengo unetik bertatik. Behar izatekotan, hurrengo astean ere jarriko dituzte txanda gehiago.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak sare sozialetan salatu duenez, Osakidetzatik udaletxera bideratzen ari dira adinekoak, eta udalaren ardura izan ez arren, euren esku dagoen guztia egiten ari dira haiei laguntzeko: “Gure eskuetan dagoen guztia egiten ari gara herrikideak lagundu asmoz. Kasu batzuetan, ordea, ezinezko gertatzen ari zaigu, Osakidetzako datu basean dauden datuak eta sistemak eskatzen dituenak ez datozelako bat, eta udaletan ez dugu horiek zuzentzeko modurik. Inpotentzia sentitzen dugu, herrikideak burumakur eta noraezean ikusten ditugulako. Halaxe atera berri da adineko bikote bat udaletxetik, nora joan ez zekitela. Dekretua bete ahal izateko, sistema prestatu behar da aurrez, eta baliabideak jarri arrakala digitala ez areagotzeko”.