Eduki publikatzailea

Atzealdea Adineko emakume zaintzaileek botako dute Santixabeletako txupinazoa

Jai Batzordeak agerraldi jendetsua egin du, Santixabeletako egitaraua, diseinuaren irabazlea eta txupinazoaren ingurukoak aurkezteko. Festei lotutako bi deialdien emaitzen berri eman dute: adineko emakume zaintzaileek botako dute txupinazoa, eta Ane Ibargoien Alvarezek irabazi du egitarauaren diseinu lehiaketa. Azken urteetan Usurbilera bizitzera etorritako zenbait herritarrek parte hartuko dute soka dantzan, udalbatzako zinegotziekin batera, udal-gobernuaren gonbidapena onartu ostean. Koadrodun zapi urdina soinean hartuta, herri kalejira jendetsua egin nahi du jai batzordeak txupinazoaren ostean: herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

2024·06·17


Santixabeletarako bi aste eskas falta direnean, festei lotutako hainbat edukiren berri emateko agerraldia egin du, gaur, Usurbilgo jai batzordeak. Nagusiki, egitarauaren edukia aurkeztu eta diseinu lehiaketaren irabazlea eta txupinazoa nork botako duen iragarri dute. Aste honetan bertan banatuko dute egitaraua, etxez etxe.

Txupinazoa

Txupinazoa nork bota erabakitzeko proposamenak egiteko eskatu zitzaien herritarrei, eta apirilaren 22tik maiatzaren 24ra bitartean izan zen horretarako aukera. Azaldu dutenez, guztira, 74 boto jaso dira, eta 25 proposamen egon dira. Jasotako boto guztiak aztertu zituen jai batzordeak ekainaren 4an egindako bileran, eta aho batez hartu zuten erabakia: 2024ko txupinazoa adineko emakume zaintzaileek botako dute.

Proposamenak helarazteko deialdia egin zenean, Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruko komunitate lantaldekoek deialdi publiko bat egin zuten txupinazoa adineko emakume zaintzaileei eskaintzea bultzatzeko, eta deialdiak harrera ona izan du herritarren aldetik. Komunitate lantaldekoek, modu horretara, emakume horiei eta egin duten lanari ikusgarritasuna eta merezitako garrantzia eta aitortza ematea izan dute helburu.

Festa zaintzaileak

Komunitate lantaldeak jai batzordean parte hartu du festen antolaketan, iaz hasitako bideari eutsiz, gainerako eragileekin batera. Espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen, esaterako, gustuko dituzten ekitaldiak ordu aproposetan ezarriz. Hala, iaz bezala, festetako bertso saioa 19:00etan egingo da aurten ere, eta ez gauean, duela zenbait urte bezala. Edo txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako. Bideo emanaldi berezi bat ere haiengan pentsatuz antolatu da: Usurbilgo irudi zaharrekin egindako film bat botako da, 48 minutukoa, 1371-1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte izenburua duena. Bitan botako dute, ekainaren 27an, Sutegiko auditoriumeko erosotasunean.

Egitarauaren eduki nagusiak

Santixabelak ekainaren 27tik uztailaren 2ra izango dira, eta, ohi bezala, adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatzen ahalegindu da jai batzordea. Txupinazoa ekainaren 28an izango da, 19:00etan, eta horren ostean herri kalejira egingo dute, buruhandi eta erraldoiek lagunduta: jai batzordeko eragile guztiek parte hartuko dute bertan, eta herritar guztiak ere bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Egun horretan bertan, gainera, festa giroa goizean goizetik sumatuko da, egun horretan irtengo baitira oilasko biltzaileak.

Musika kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira Santixabeletan, frontoian zein txosnetan: Laket, Neallta Fola, Ithaka, Pisso&OPH Itzal, Ameba, Dupla, Tapia eta Leturia edo Puro Relajo, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira, herrian sortu berri den Fanfarrikant Brass Band-ez gain.

Ohiko ekitaldiek ere ez dute huts egingo: bertsio gaua eta karaokea izango dira txosnetan, baita gazte bazkaria eta paella lehiaketa ere. Urteroko bertso saioa eta jubilatuen bazkaria ere egingo dituzte. Udalbatzak, ohi bezala, soka dantza egingo du Santixabel egunean, eta aurtengo gonbidatuaren berri eman dute: Usurbilgo jatorri aniztasunari ikusgarritasuna emateko asmoz, udal-gobernuak azken urteetan Usurbilera bizitzera etorritako herritarrak eta HarEman programako parte hartzaileak gonbidatu dituzte sokara, eta baiezkoa eman diote gonbidapenari. Salda eta lore banaketa ere izango da, noski.

Kirolik ere ez da faltako: pala eta eskupilota txapelketak izango dira, eta herri kirolak ere egingo dira, herritarrez osatutako bi talde lehian jarrita.

Diseinuaren irabazlea

Aurten ere, Santixabeletako egitarauaren diseinua lehiaketa bidez erabaki da. Txupinazoarekin bezala, diseinu proposamenak jasotzeko epea apirilaren 22tik maiatzaren 24ra bitartean izan da, eta tarte horretan bost lan jaso dira. Lan guztiak aztertu ostean, epaimahaiak maiatzaren 30ean egindako bileran hartu zuen erabakia: irabazlea Ane Ibargoien Alvarezen diseinua izan da, eta 500 euroko saria eskuratu du.

Epaimahaia bost lagunek osatu dute: jai batzordeko bi ordezkarik, kultura zinegotziak eta diseinu arloan ezagutza duten bi kidek. Lan irabazleari dagokionez, lau ideia nabarmendu dituzte: (1) egitarau argia izatea, (2) ohiko koloreetatik ateratzea, (3) sinpletasuna eta (4) herriko irudien identifikazioa, jaiei zein Usurbili erreferentziak eginez.

Eraso matxistak: sentsibilizazioa eta arreta zerbitzua

Azken urteetan, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarri izan da Santixabeletan: herriko neska gazteekin lankidetzan, Emagin elkartea kontratatu izan du udalak zeregin horretarako. Usurbilen bezala, Euskal Herriko hainbat herritan eskaini izan du zerbitzu hori Emaginek, eta balorazio bat egin ostean, eskaintzen duten zerbitzu hori egokitu egin dute. Elkartearen ustez, informazio gunea egokia da festetan eraso matxisten inguruko sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna bermatzeko, baina eraso egin dioten norbait hurbildu izan zaienetan, leku egokiago baten falta sumatu izan dute.

Hala, bi zerbitzu desberdin eskaintzen dituzte. Batetik, arreta puntua: horren helburua da jaietan gerta daitezkeen edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko arreta emozionala zein bide laguntza eskaintzea, eta horri aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskaintzea. Bestetik, informazio gunea, indarkeria matxistaren inguruko kontzientzia lantzeko jai eremuan kokatutako gunea da.

Udalak eta jai batzordeak egokitzat jo dute hausnarketa, eta bi zerbitzuak eskainiko dituzte, ordutegi eta leku desberdinetan.

Arreta puntua, Gaztelekuan. Ekainaren 28an (22:00-03:00) eta 29an (23:00-06:00).

Informazio gunea, Mikel Laboa plazan. Ekainaren 29an, 20:00-23:00 bitartean.

Horrez gain, iaz bezala, eragileekin elkarlanean landutako protokoloa helaraziko zaie Santixabeletan tabernetan eta txosnetan lan egingo dutenei, eta herritarrentzako kartel informatiboak egingo dituzte.

Izan ere, jai batzordeko kideek ohartarazi dutenez, festak ez dira denentzako arnasgune izaten: “Jaiak ez dira espazio seguru bat guztiontzat, batez ere, emakume, trans eta bollerentzat. Askotan, jaia eta gozamena, beldurra eta egoera jasanezinengatik ordezkatzen da, gurea ere baden espazio bat ukatzera bultzatuz”. Zentzu horretan, nabarmendu dute ez dela inolako eraso sexista, matxista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko: “Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu! Borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauek ere gureak izan arte!”.

Bestelako oharrak

  • Edalontziak. Hondakinak ahalik eta gutxien sortzeko helburuz, udalak eta jai batzordeak edalontziak berrerabiltzeko deialdia egin dute.
  • Egitarau elebidunak. Egitarau elebiduna udalaren webgunetik zein Usurbil Kulturatik deskargatu ahal izango da; paperean nahi izatekotan, honako lekuetan eskuratu ahal izango da: Artzabalgo eta Santueneko zaharren egoitzetan, Sutegi liburutegian, Potxoenean eta kiroldegian.
  • Prezio bereziak barraketan: uztailaren 1ean eta 3an.
  • Festek iraun bitartean, Zirriborro tailerrekoen eskulanak ikusgai izango dira Sutegiko erakusketa aretoan.

Egitaraua, euskaraz: hemen.

Egitaraua, elebitan: hemen.