Eduki publikatzailea

Atzealdea Abonu mota berria kiroldegian: Kirolari txartela

Kiroldegian ohiko abonua egin beharrean, parte hartzen den elkarte edo klubeko ordutegietan kirol instalazioak erabiltzeko abonu berria da kirolari txartela: abonu arruntaren %60ko prezioa du. Uztailaren 1etik 20ra izango da eskatzeko epea, urtero.

2025·06·17


Abonu mota berri bat eskainiko du kiroldegiak, aurrerantzean: Kirolari txartela. Udazkenean eman zen abonu berriaren berri, 2025eko ordenantza fiskalak onartzerakoan, baina orain jarriko dira lehenengo aldiz martxan. “Arazo historiko bat konpontzeko asmoz” sortu da Kirolari txartela, Xabat Beloki Segurola Kirol saileko zinegotziaren esanetan. Uztailaren 1etik 20ra eskuratu ahal izango da, urtero.

Belokik azaldu duenez, Kirol sailaren araudiak ezartzen du edozein kirol instalazio erabili ahal izateko beharrezkoa dela kiroldegiko abonatua izatea, edo, bestela, alokairua ordaintzea. “Araudi hori, neurri batean, ez zen betetzen, eta auzia konpondu nahi genuen”. Hala, kiroldegiko bazkide izan gabe, kirol instalazioak soilik parte hartzen den elkarte edo klubeko ordutegietan erabiltzeko abonua da Kirolari txartela. Abonu arruntaren %60ko prezioa izango du, eta ezingo dira bestelako instalazioak erabili: adibidez, judo egiten duenak ezingo du gimnasioa erabili.

Kirolari abonua ordenantza fiskaletan jaso zen, lehenengo aldiz, 2025eko ordenantza fiskaletan. Udalak bere zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzen ditu ordenantza fiskaletan, eta Kirolari txartela eskaini ahal izateko beharrezkoa zen prezio publiko gisa definitzea. Kirolari txartelak kiroldegiko abonu arruntaren %60ko prezioa izango du.

Libana Taboada kirol teknikariak azaldu duenez, Kirolari txartelaren erabiltzaile izan daitezke Usurbilgo kirol elkarte batean dabiltzanak (eskubaloia, futbola, pilota...); eskola kirolean izena emanda dauden haurrak (Zirimara, Multikirola, Zirimara familian, elkarteetako kirol eskolak...); kirol instalazioak erabiltzen dituzten baina kirol elkarteak ez direnetan dabiltzanak edo antzeko bestelako elkarte zein erakundeetako kideak.

Kirolari txartelaren bereizgarrietako bat da urte guztirako soilik eskatu ahal izango dela, abonu arrunta ez bezala. Izan ere, abonuaren iraupena elkarteen ohiko denboraldira egokitu da, hau da, abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra. Abonu mota hori eskuratzeko epea berbera izango da urtero, alegia, uztailaren 1etik 20ra. Elkarteetako edo klubetako bestelako erabiltzaileek (entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak, gurasoak...) ez dute abonatu beharko instalazioetara sartu ahal izateko, ez badute kirol erabilerarik egiten (entrenatu, dutxatu...).