Eduki publikatzailea
2020·03·06
Mikel Laboa plaza eta Artzabal arteko bidea oinezkoentzako bide izan dadin dirulaguntza jaso du Usurbilgo Udalak. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak "hiri-inguruneetan zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak" egiteko eta "irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko" ematen duen dirulaguntza bat da: 75.950,86 euro jasoko ditu udalak, alegia, obra osoaren (151.901,71 euro) kostuaren %50. Dirulaguntza deialdi horretan lor zitekeen kopuru osoa lortu du udalak.
Izatez, lan hori egiteko lizitazio prozesua martxan dago: martxoaren 11ko 14:30 bitartean izango dute enpresek lehiaketara aurkezteko epea. Udalaren webgunean daude xehetasun guztiak, Kontratatzailearen profila atalean. Irabazleak Zubiaurrenea kalearen berrurbanizazioa egin beharko du, Kontzeju-zarra kaleko bidegurutzetik Bordaberri kalera arte, baita Mikel Laboa plaza eta Askatasuna plaza lotzen dituen Kontzeju-zarra kalearen berrurbanizazioa ere.