Eduki publikatzailea
Atzealdea 671.400 euroko kreditu aldaketaren berri eman da osoko bilkuran
2026·06·03

Udal-gobernuak 671.400 euroko kreditu aldaketaren berri eman zuen, maiatzeko osoko bilkuran. Aldaketarekin, 2026rako aurreikusitako partidetan egin beharreko gehikuntzak eta hasieran sartu ezin izan ziren partida berriak sartu dira aurtengo aurrekontuetan: diruzaintza gerakinean erabilgarri gelditu ziren 1,2 milioi euroetatik 671.400 euro erabiliko dira. Kopuru hori 2026ko aurrekontuari gehitu zaio jada: 21.074.342,55 eurokoa da, orain.
2026ko aurrekontuetan hasieratik sartu ezin izan ziren partiden artean, esanguratsuena padel pista eraikitzeko partida berria izan da: 185.000 euro bideratuko dira. Beste 30.000 euro etxebizitza politiketarako bideratuko dira: 15.000 euro etxebizitza bulegoa irekitzeko, eta 15.000 euro alokairu sozialean bizi diren herritarren akonpainamendu sozialerako. Udaltzaingoarentzat motor bat erosteko 10.000 euro gorde dira.
Udala, gertu misioaren baitan, udalaren digitalizazioan sakontzeko bi partidatan gehikuntzak egingo dira: 25.000 euro gehiago datu sarearen mantenurako, eta 20.000 euro gehiago aplikazio informatikoetarako. Herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko lanak martxan dira udaletxean, lehenengo solairua egokitzeko partida berria sortu da: 70.000 euro bideratu dira. Udaltzaingoaren eta Gizarte Zerbitzuen egoitza izango den Barrenkaleko lokala birgaitzearen likidaziorako 32.000 euro bideratuko dira, eta beste 30.000 ekipamenduetarako.
650 Usurbil Bizi misioaren baitan, Errioaren Usurbil ildoa garatzeko partida berri bat sortu da, 80.000 eurokoa, Aginagan ontziralekua eraikitzeko.
2026ko aurrekontuek bi aldaketa izan dituzte. Lehenengoa, 2025eko aurrekontuak likidatu zirenean izan zen, martxoan: 6.054.838,96 euro gehitu zitzaizkion orduan hasierako 14.348.103,59 euroei. Bigarrenaren berri maiatzeko osoko bilkuran eman dena izan da, 671.400 eurokoa. Bi aldaketekin, 2026ko aurrekontua 21.074.342,55 eurokoa da, egun.
