Eduki publikatzailea
Atzealdea 650 Usurbil Bizi proiektuak Usurbilgo ondare artistikoa hezkuntza komunitateari eskaintzeko proposamen didaktikoa landu du
2026·05·21

650 Usurbil Bizi proiektuak Usurbilgo kaleetako ondare artistikoa hezkuntza komunitateari eskaintzeko proposamen didaktikoa landu du, zeregin horretan eskarmentu handia duen Arazi taldearen laguntzarekin. Hi bai artista! du izena azken hilabeteotan ondare artistikoaren transmisiorako prestatutako proposamen didaktikoak: gaur aurkeztu dute, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi proiektuaren gidariak eta Nerea Ibañez Arazi taldeko kideak.
Solaberrietak gogoratu duenez, 2022an abiatu zen 650 Usurbil Bizi turismo proiektua: herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. “Turismoaren ohiko moldeetatik aldendutako eskaintza osatu nahi izan genuen: Usurbil ezaugarritzen duen oro bisitariei ezagutarazteko tresna bat sortu genuen, modu parte hartzailean”. 2021ean 650 urte bete ziren Usurbil herri bihurtu zenetik, eta horri tiraka, proiektuaren premisa izan zen “650 urteak beste” Usurbil daudela ezagutzeko. Herriko eragileekin partaidetza prozesu bat egin ostean, hamalau Usurbil identifikatu ziren. “Ildo bakoitza pixkanaka garatzen aritu gara urteotan. Denek oinarri bera dute: gure ondare materialaren zein immaterialaren balioa aitortu eta ezagutaraztea da 650 Usurbil Bizi proiektuaren funtsa. Hau da, horren guztiaren transmisioa bultzatu nahi dugu”.
Urteotan hainbat ekimen egin dira, besteak beste, bisita gidatuak, hainbat gairi lotutakoak: ondare artistikoa, zaintza, memoria historikoa, elizako ondarea eta zero zabor politika. Usurbil Museo Irekia bisita gidatuen bidez, herriko ondare artistikoa ezagutarazten da, Solaberrietak gogoratu duenez: “Euskal kultura arnasten da gure kaleetan. Usurbilera datorren edonork nahikoa izango du gure kaleetan murgiltzea eta paseatzea, edonora begiratu, eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi aurki daitezke”. Horren adibide dira horma irudien sarea (Arrastalu, Irantzu Lekue, Judas Arrieta, Alejandro Tapia, Jose Luis Zumeta Zumeta) eta eskulturen sarea (Laka, Aranguren, Mendiburu, Zumeta, Gorriti), besteak beste.
Hala, hezkuntza komunitatean lantzeko egokia zela iritzita, eta transmisioan “harago” joateko asmoz, Arazirengana jotzea erabaki zuten. Azpiazuk azaldu duenez, azken urteotan egin izan dira bisita gidatuok ikasleekin, ikastetxeek eurek eskatuta, batik bat DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin. “Ohiko bisitak izan dira, eta modu positiboan baloratzen baditugu ere, iruditu zitzaigun ikasleentzako propio egokitu genezakeela esku artean geneukan materiala”, nabarmendu du. Haren esanetan, Hi bai artista! Proposamen didaktikoa probatzeko lau saio egin dituzte jada, adin desberdineko ikasle taldeekin, prestatutako edukien egokitasuna frogatzeko.
Saioak bi zatitan banatzen dira. Batetik, Usurbil Museo Irekia ezagutzeko ibilbidea gidatua egingo da, herriko artelanak eta espazio esanguratsuak ikusteko. Bestetik, tailer praktikoa egingo dute Potxoenean, ikasleek ibilbidean bizitakoa sormenaren bidez lantzeko. Saioon bidez, ikasleek artearen hizkuntza lantzen dute: formak, koloreak, sinboloak, espazio publikoa, emozioak eta interpretazioak. Eta, era berean, herriko ondarearekiko errespetua, talde-lana, ahozko adierazpena, entzute aktiboa eta pentsamendu kritikoa ere sustatzen dira. Ibañezen esanetan, proposamenak bat egiten du egungo hezkuntza-ikuspegiarekin: ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzea, alegia.
Proposamen didaktikoa osatzerako orduan kontuan hartu dira heziketa-ziklo bakoitzaren ezaugarriak: LH Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. zikloetarako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1 eta 2 zikloetarako egokitutako materiala sortu da. Era berean, bisita ez da egun bakarreko jarduera isolatu gisa planteatu: irakasleek aurretik eta ondoren gelan lantzeko proposamenak osatu dira, ikasleek esperientzia hobeto ulertu eta sakondu dezaten. Hi bai artista! proposamena egungo hezkuntza-markoarekin bat dator, eta honako arlo eta konpetentziak lantzeko aukera eskaintzen du: arte hezkuntza eta adierazpide artistikoa, sormena eta adierazpen pertsonala, herri ondarearen ezagutza eta balorazioa eta ahozko komunikazioa eta talde-lana.
Ibañezen esanetan, Hi bai artista! egitasmoak Usurbil bera ikasgela bihurtzen du. “Herriko plazak, muralak, eskulturak eta espazio publikoak ikaskuntzarako abiapuntu bihurtzen dira, eta ikasleek artea ez dute museo itxi batean soilik kokatzen: kalean, herritarren eguneroko bizitzan eta komunitatearen memorian aurkitzen dute”, azaldu du
