Eduki publikatzailea

Atzealdea 650 Usurbil Bizi

2022ko urriko Udalberrin argitaratutako zutabea, 650 Usurbil Bizi proiektuaz.

2022·11·11


Legealdiaren hasieran bagenuen mandatu bat: Usurbilek garatu beharreko turismo-ereduaren gaineko hausnarketa egitea eta plan bat osatzea. Aurreko legealdietan egin da lanketarik arlo honetan, baita proiektuak martxan jarri ere, Harria Hitz ibilbidea kasu, baina osotasuna falta zitzaigula uste genuen. Proiektu oso bat. Puzzlearen pieza guztiak josi edo lotuko zituen proiektua. Eta, batez ere, ikuskera bat falta genuen. Ikuskera eraldatzailea eta berritzailea.

Izan ere, geure buruari galdetzen genion: posible al da, egungo turismo konbentzionaletik at, bestelako eredu bat osatzea eta garatzea? Horretan ari ginela egin genuen topo Jon Maia bertsolariarekin. Bere jarduera nagusia bertsolaritza bada ere, urteak daramatza hainbat eremutan lan egiten, baita turismoan ere. Bere lan guztiak ardatz baten bueltan egituratzen ditu: daukagun honen aurrean, bestelako mundu bat sortzearen aldeko ideia eta motibazioa. Hain justu, motibazio horrek ekarri zuen Usurbilera. Udalarekin eta herriko eragileekin elkarlanean ari da, turismoan ere beste mundu posible baten ideia lan-tzen, sortzen, egituratzen. Eta lortzen ari garelakoan nago.

Abiapuntuan, hainbat galdera jarri genituen mahai gainean: zerk ezaugarritzen du Usurbil? Nola eman balioa ezaugarri horiei? Zergatik? Zertarako? Nola dinamizatu eta proiektatu hori guztia kanpora begira?

Hasieratik argi izan dugu, batetik, galdera horiei modu kolektiboan erantzun behar geniela, eta, bestetik, eredu berriak behetik gora eraikitakoa izan behar zuela. Hala, proiektuaren lehen fasean, Maiak herriko elkarte, mugimendu eta talde ugaritako ordezkariak elkarrizketatu zituen, 40tik gora, dokumentazio lana egitearekin batera. Horren emaitza izan da 650 Usurbil bizi proiektua, iazko abenduan Sutegi lepo zela jendarteratu genuena.

Usurbilen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza bat proposatzen du 650 Usurbil Bizi proiektuak, eta, ondorioz, horrekiko interesa duen bisitaria bilatu nahi dugu. Alegia, turismo identitario, eraldatzaile eta aktiboa sustatu nahi dugu.

Lan hau urtemuga berezi batean landu dugu. Iaz bete ziren 650 urte Usurbil herri bihurtu zenetik. Efemeride hori baliatu nahi izan dugu gure buruari galdetzeko zer den Usurbil, ze bereizgarri dituen, zerk sortzen duen gure herri-identitatea eta nola proiektatu nahi dugun hori, bai herrira begira, bai kanpora begira. Mugarri hori erabili dugu historiari begiratzeko ez ezik, etorkizunari begira jartzeko.

Bide honetan baieztatu ahal izan dugu turismoa ere izan daitekeela beste gizarte eredu bat sustatzeko tresna. Posible ez ezik, behar-beharrezkoa dela. Alabaina, argia non jartzen den da gakoa. Eta zer den ikusarazi nahi duguna. Norentzako. Horregatik da berritzailea esku artean daukaguna.

Proiektu zabal hau abiatzeko urratsak egin ditugu abendutik hona. Egindakoak eta datozenak aurkezteko ekitaldi bat antolatu dugu. Hortxe, beraz, zita eta gonbidapena: urriak 14, ostirala, 18:00etan.