Albisteak
Atzealdea

26 lanpostu eskainiko ditu udalak, onartu berri duen Lan Eskaintza Publikoaren bidez

Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan Egonkortze Legea onartu zuen, administrazio publikoko lanpostuetan behin-behinekotasuna jaisteko: derrigor bete beharrekoa da, epe laburrean. Legearen inguruko lanketan orain arteko giro ona nabarmendu dute langileen komiteak eta udal-gobernuak.

2022·05·13


Usurbilgo Udalak 26 lanpostu eskainiko ditu, Tokiko Gobernu Batzordean onartu berri duten LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez. Erabakia Espainiako Egonkortze Legearen ondorioz hartu dute: izan ere, derrigor bete beharrekoa da, epe laburrean. Usurbilgo Udalean, legeak 26 lanposturi eragiten die: urte hasieraz geroztik ari dira lanean udaleko langileak, langileen komitea eta udal-gobernua, eta apiril amaieran batzarrera deitu zituzten udal-langile guztiak, LEP-aren berri emateko.

Administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaistea du helburu Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan onartutako Egonkortze Legeak. Legearen bi gako nagusiak derrigortasuna eta egutegia dira. Orain arte, behin-behinekotasun tasa jaisteko helburua izan duten antzeko legeak ere egin izan dira, baina “borondatez” betetzekoak ziren: administrazio bakoitzak erabaki zezakeen Lan Eskaintza Publiko berezi horiek egin edo ez. 2021eko abenduan onartutakoa, ordea, derrigor bete beharrekoa da. Legeak, gainera, egutegi bat zehazten du, eta 2024ko abenduaren 31rako amaitu behar dira prozesu guztiak.

Egonkortze Legeak bi prozesu mota aurreikusten ditu. Lanpostuaren arabera, lehiaketa-oposaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesuak, eta edonork aurkeztu ahal izango du: lanpostua behin-behinean betetzen ari den langileak, administrazio bereko beste langileek, beste administrazioetakoek, enpresa pribatuan lan egiten dutenek... Izan ere, legearen arabera, egonkortuko direnak lanpostuak izango dira, eta ez gaur egun horiek betetzen ari diren langileak: lanpostu bat urte luzetan bete duen norbaitek lana galtzeko arriskua egon badago.

Langileekin egindako batzarrean, legearen inguruko “ziurgabetasuna” nabarmendu dute alde guztiek: legearen erredakzio sinpleaz eta beste erakundeetatik jasotako informazio zehatz urriaz ohartarazi dute. Udal-gobernuko zein langileen komiteko kideek orain arteko adostasun giroa nabarmendu dute. Langileen komiteak nabarmendu du adostasunerako borondate politikoa egon dela orain arte, eta horrek giroan lagundu duela: “Ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den, baina espero dugu bide berdinetik jarraitzea”. Beñat Larrañaga zinegotziak ere orain arteko giro ona nabarmendu du, eta bat egin zuen langileen ordezkariarekin: “Orain artekoa zen errazena, hemendik aurrera mami gehiago dago: lan konplexuagoa izango da”.

Kirol teknikaria hautatzeko prozesua

Udalak kirol teknikaria oposizio-lehiaketa askez hautatzeko prozesua abiatu berri du. Deialdia eta oinarriak GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean ere argitaratu zuten, maiatzaren 7an. Hala, prozesuan izena emateko epea maiatzaren 9an ireki zen, eta ekainaren 3ra arte egongo da zabalik: udalaren zerbitzu telematikoen bidez edo udal-erregistroan egin ahal izango dute. Lanpostu hori udalaren 2020ko Enplegu Publikoetako Eskaintzan jasoa zen, eta, deialdiarekin eta oinarriekin batera, azterketarako gaitegia ere argitaratu dute.