Eduki publikatzailea

Atzealdea 2025eko aurrekontuen likidazioak emaitza positiboa izan du

Udaleko kontu hartzaileak 2025eko likidazioaren berri eman du martxoko osoko bilkuran: behin betiko aurrekontua 21.735.439,50 eurokoa izan zen, eta aurrekontuen emaitza, 1.660.010,73 eurokoa.

2026·04·08


Usurbilgo Udalaren 2025eko aurrekontuen emaitza positiboa izan da: 1.660.010,73 eurokoa. Hau da, 2025ean izandako diru-sarrerekin 2025an sortutako gastuak finantzatzeko ahalmena izan du udalak, eta, gainera, 1.660.010,73 euroko soberakina sortu du. Hala jakinarazi du udaleko kontu hartzaileak martxoko osoko bilkuran. Horrez gain, azaldu duenez, 2025 hasierako aurrekontua 15.235.194,67 eurokoa bazen ere, urtean zehar egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin, 2025eko behin betiko aurrekontua 21.735.439,50 eurokoa izan zen.

Urteko lehenengo hiruhilekoan aurreko urteko kontuak ixteko garaia izaten da udaletan, eta horren berri eman du kontu hartzaileak martxoko osoko bilkuran. Haren esanetan, 2025eko kontuen likidazioak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunari lotutako hiru betekizunak. Batetik, 714.316,31 euroko superabita izan du; hau da, ohiko sarrerak ohiko gastuak baino handiagoak izan dira. Bestetik, zor bizia %23,13ekoa da, legeak baimentzen duen %70eko langatik urrun. Eta, azkenik, gastu arauari dagokionez, ez du gastu muga gainditu: 11.779.786,73 eurokoa zen muga, eta hori baino 165.215,85 euro gutxiago gastatu ditu. Horiek guztiak kontuan hartuta, udalak ez du Plan Ekonomiko Finantzariorik egin beharko.

Likidazioa egin ostean aurrekontuaren emaitza positiboa bada, diruzaintza gerakineko zati bat hurrengo urteko aurrekontuetara pasa dezakete udalek. Aurten, 6.054.898,96 euroko txertaketa egingo da: 2026rako hasieran onartutako 14.348.103,59 euroko aurrekontuari gehituta, 20.403.002,55 eurokoa da Usurbilgo Udalaren aurtengo aurrekontua.

Kontu hartzailearen esanetan, 2025a exekuzio aldetik “ohiko urtea” izan zen.