Eduki publikatzailea

Atzealdea 2024ko aurrekontuen likidazioak emaitza positiboa izan du

Udaleko kontu hartzaileak 2024ko likidazioaren berri eman du martxoko osoko bilkuran: behin betiko aurrekontua 19.295.800,58 eurokoa izan zen, eta aurrekontuen emaitza, 1.289.484,57 eurokoa.

2025·04·11


Usurbilgo Udalaren 2024ko aurrekontuen emaitza positiboa izan da: 1.289.484,57 eurokoa. Hau da, 2024an izandako diru-sarrerekin 2024an sortutako gastuak finantzatzeko ahalmena izan du udalak, eta, gainera, 1.289.484,57 euroko soberakina sortu du. Hala jakinarazi du udaleko kontu hartzaileak martxoko osoko bilkuran. Horrez gain, azaldu duenez, 2024 hasierako aurrekontua 13.117.569,45 eurokoa bazen ere, urtean zehar egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin, 2024ko behin betiko aurrekontua 19.295.800,58 eurokoa izan zen.

Urteko lehenengo hiruhilekoan aurreko urteko kontuak ixteko garaia izaten da udaletan, eta horren berri eman du kontu hartzaileak martxoko osoko bilkuran. Haren esanetan, 2024ko kontuen likidazioak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunari lotutako hiru betekizunak. Batetik, 981.531,94 euroko superabita izan du; hau da, ohiko sarrerak ohiko gastuak baino handiagoak izan dira. Bestetik, zor bizia %25,76ekoa da, legeak baimentzen duen %70eko langatik urrun. Eta, azkenik, gastu arauari dagokionez, ez du gastu muga gainditu: 12.273.075,85 eurokoa zen muga, eta hori baino 757.054,51 euro gutxiago gastatu ditu. Horiek guztiak kontuan hartuta, udalak ez du Plan Ekonomiko Finantzariorik egin beharko.

Likidazioa egin ostean aurrekontuaren emaitza positiboa bada, diruzaintza gerakineko zati bat hurrengo urteko aurrekontuetara pasa dezakete udalek. Aurten, txertaketa guztia egingo balitz, 1.483.936,89 euro geldituko lirateke 2025ean gastu berri eta aurreikusi gabeak finantzatzeko.

Kontu hartzailearen esanetan, 2024a exekuzio aldetik “ohiko urtea” izan zen.