Albisteak
Atzealdea

2023an egin nahi dituzte Usurbilen zaintza eredu berria inplementatzeko lehen urratsak

Parte-hartze prozesuaren lehenengo fasea amaitutzat eman du udalak: pertsona ardatz duen arreta ereduaz hausnartu eta horren bueltan eraiki beharreko ekosistema definitu dute. Orain abiatuko duten bigarren fasean, ekosistema berria inplementatzeko bide orria prestatuko dute, udazkenean esku artean izan eta 2023an “urrats praktiko eta sendoak egiten hasteko, eraldaketara bidean”. Egun eremu pribatura mugatzen den eredua eraldatzeko, gakotzat jo dituzte zaintzak pertsonaren nahi eta desioetan oinarritzea, lotura afektibotik zaintzen dutenen zaintza bermatzea, zaintzaile profesionalen lan-baldintza duinak bermatzea, erantzunkidetasuna, komunitatearen inplikazioa, eragileen arteko koordinazioa eta erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea.

2022·03·04


Zaintza eredua eraldatzeko parte-hartze prozesua bigarren fasean sartu da: ekosistema berriaren oinarriak finkatuta, hori inplementatzeko bide orria prestatuko dute datozen lauzpabost hilabeteetan. Udazkenean esku artean izan nahi dute bide orria, 2023an “urrats praktiko eta sendoak egiten hasteko, eraldaketara bidean”, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatearen esanetan. Prozesua mamitu duen talde eragilearen zenbait ordezkari izan dira gaurko prentsaurrekoan: Solaberrietaz gain, Matia Institutuko Ainara Tomasena, DYAko ordezkari Maider Makazaga, Emagin Elkartea, zaintza behar duten bi adineko eta komunitateko kide bat.

Lehenengo fasea, amaitu berri.

Parte-hartze prozesuaren lehenengo fasea amaitutzat eman dute. Pertsona ardatz duen arreta ereduaz hausnartu eta horren bueltan Usurbilen eraiki beharreko ekosistema definitu dute, baita ekosistema horren parte diren zerbitzu, ekipamendu eta eragileak zehaztu eta bakoitzaren gaineko diagnostikoa osatu ere.

Ainara Tomasena Matia Institutuko kideak azaldu duenez, zaintzaren inguruko hausnarketa sakona egin dute hilabete hauetan. “Usurbilen zer zaintza eredu nahi dugun eta nolako zaintza-ekosistema sortu nahi dugun irudikatu dugu”. Orokortua den eredua da nagusi Usurbilen ere, Tomasenak azaldu duenez: “Gaur egungo ereduak zaintza eremu pribatura mugatzen du, eta zaintzaren karga hein handi batean familiaren gainean erortzen da, honek dakarkien karga, pisu eta estresarekin”. Zaintza mota hori, gainera, zerbitzuetan oinarritua dago, Tomasenaren esanetan, eta hori aldatzeko beharra nabarmendu du: “Hau da, pertsona horrek behar dituen zerbitzuen kudeaketan oinarritzen da egungo zaintza eredua, eta horrek guztiak eraldaketa bat behar du: pertsona erdigunean jarriko duen eredu bat behar dugu, zaintza eremu publikora atera eta komunitate osoa inplikatuko duena”.

Hala, zaintzaren inguruko definizio partekatu bat osatu, eta zaintzarekin zerikusia duten herriko eragile, zerbitzu, programa eta topaguneen mapaketa egin dute; zaintza-ekosistema bat irudikatu dute horiekin guztiekin, baita AMIA analisia egin ere (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahuleziena). Egindako lana herritarrekin elkarbanatu eta beste leku batzuetako esperientziak ezagutzeko saioa egin zuten, horiengandik “ikasi eta ideia berritzaileak eskuratzeko”.

“Pixkanaka” landu beharreko zenbait gako jarri ditu mahai gainean zaintza-ekosistemaren prozesuak, besteak beste, (1) pertsonaren nahi eta desioetan oinarritzea, (2) lotura afektibotik zaintzen dutenen zaintza, (3) zaintzaile profesionalen lan-baldintza duinak bermatzea, (4) erantzunkidetasuna, (5) komunitatearen inplikazioa, (6) eragileen arteko koordinazioa eta (7) erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea.

Usurbil herri zaintzailea izateko erronka mahai gainean dago, Tomasenaren esanetan: “Ezinbestekoa izango da herritarren partaidetza eta denon lankidetza”.

DYAren ordezkari gisa parte hartu du Maider Makazagak prozesuan, eta bere esperientziaren berri eman du: “Niretzat oso prozesu aberatsa izaten ari da, bi arrazoirengatik. Batetik, prozesuaren abiapuntuan pertsona jarri delako, eta, bestetik, lanketa hau egiteko zaintzaren erpin desberdin horiek guztiak kontuan hartu direlako”. Izan ere, Makazagaren esanetan, gakoa da hori halako prozesu bat arrakastatsua izateko. “Denok daukagu zeregina eta zeresana gai honetan: batzuetan zaintzaile izango gara, eta beste batzuetan zaintza beharko dugu. Baina, gainera, ezin dugu soilik zaintzaileen eta zainduen arteko harreman hutsean zentratu, beharrezkoa da eragile guztiak inplikatzea. Esan bezala, abiapuntua bera oso aberatsa izan da, eta nabaritu da prozesuaren garapenean”.

Bigarren fasea: bide orriaren prestaketa.

Egungo eredua eraldatzeko fasera igaro da parte-hartze prozesua: ekosistema berriaren inplementaziorako bide orria prestatzea izango da zeregin nagusia, Solaberrietaren esanetan. Horixe izango da hurrengo lauzpabost hilabeteetako zeregina. Horretarako egin beharreko lanak ugariak dira, alkatearen esanetan, eta horrek lehentasunak jartzera eraman ditu: “Ezin ditugu lan guztiak aldi berean gauzatu, eta, beraz, eraldaketa gradualki eta arian-arian gauzatu behar dugu”.

Hala, hiru eremutan kokatu dituzte lehentasunak: (1) etxez etxeko zerbitzuaren eraldaketa; (2) oinarrizko gizarte zerbitzuen eraldaketa, arreta eredu berria ardatz hartuta; (3) Usurbilgo zaintza ekosistema sortzeko eta abian jartzeko prozesua ebaluatzea, zaintzak behar dituzten pertsonen bizitzan, zaintzen dituztenengan eta ekosistemaren parte diren inplikatutako eragile guztietan duen eragina aztertuz.

Helburu horiek gauzatu ahal izateko, prozedura metodologikoa egokitu, eta talde operatibo berezituak sortuko dituzte, beste behin ere, zaintzaren ertz guztien parte-hartzea bermatzeko. Zehazki, lau talde izango dira, eta bakoitzak bere gai eta erritmo propioak izango ditu: (1) zerbitzuak (enpresetako ordezkariak, langile profesionalak zein etxeetan lanean ari direnak); (2) erabiltzaileak (zaintza behar dutenak eta haien senideak); (3) gizarte zerbitzuen lantaldea eta (4) komunitatea edo herritarrak. Prozesuan parte hartzea errazteko, etxez etxeko zaintza zerbitzua eskainiko die udalak senideei eta etxeetan lanean ari diren langileei, nahiko balute, prozesuan parte hartu ahal izateko.

Orain arte egindakoak eta hurrengo egitekoak modu xehatuagoan azaltzeko bilerak deitu dituzte. Hilaren 9an bi bilera egingo dituzte, bana senideekin eta langileekin, 15:00etan eta 17:00etan, hurrenez hurren. Komunitateko kideak, berriz, hilaren 16ko bilerara deitu dituzte (18:30ean).

Matia eta Usurbilgo Udala: urte luzeetako elkarlana.

Duela urtebete abiatu zuten udalak eta Matia Institutuak, elkarlanean, zaintza ereduaren inguruko parte-hartze prozesua, zaintza ekosistema berri bat diseinatu, eraiki eta martxan jartzeko helburuarekin. Urte luzeetakoa da bi erakundeen arteko elkarlana, areagotu egin dena Matia Kalezarren eraikitzen ari den berrikuntza zentroaren eta zaintzadun etxebizitzen auzunearen proiektuarekin. Kalezarko zentroa proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, alderdi sozialetik zein hirigintzatik. Adineko pertsonei zuzendutako arreta eredu berri bat jarriko du praktikan Matiak bertan, halabeharrez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko.

Proiektu horren harira, bi erakundeek pauso bat harago eman eta konpromisoa hartu zuten Usurbilen zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko, horretarako estrategia oso bat diseinatuz, Solaberrietak gogoratu duenez: “Estrategia horrek iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatu asmo duen tokiko ekosistema bat osatzea du helburu, lurralderatua, Usurbilen errotua, oinarri komunitarioa duena, eta, ondorioz, etxeetara begira dagoena edo etxean bezalako alternatibak kontuan hartzen dituena; esaterako, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eta Matiaren zentroa”.

Galdeketak egiten direnean, %90ak hala aipatzen du: zaintza beharra izanda ere, etxean bizi nahi duela. Zer eta nola egin nahi hori betetzeko? Etxean ezin bada, zer egin daiteke etxean bezala bizitzeko? Zentzu horretan, pertsonaren bizi-proiektuan hausturarik ez eragitea da zaintza-eredu berri bat birpentsatzeko gakoetako bat, bizitza duina ahalbidetuz, Solaberrietak nabarmendu duenez: “Pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien ibilbide eta koordinazio soziosanitarioa ahalbidetu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da zaintzak zerbitzuen integraltasunetik ematea”.

Zaintza ereduaren inguruko gogoeta modu kolektiboan egitea bultzatu dute, hasieratik, ekosistemaren eraikuntzak ere kolektiboa beharko duela garbi izanda: ezinbestekoa izan da erakundeak, sektoreak eta komunitateak elkarlanean jardutea. Horrez gain, zaintzari ikuspegi integral batekin begiratu ahal izateko, zaintzaren ertz guztiak barnebildu dituzte parte-hartze prozesuan: Usurbilen zaintza-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkariak, zaintzaile profesionalak, etxeetan zaintza-lanetan aritzen diren langileak (gehienak, migratzaileak), senideak (menpekotasunen bat duten senideen zaintzaileak), zaintza behar duten herrikideak, komunitatearen ordezkariak, mugimendu feminista (Emagin Elkartearen bidez) eta erakundeetako ordezkariak (Osakidetza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, kasu).