Eduki publikatzailea
2024·01·26
Udal-gobernuak 2023-2027 Legealdiko Plana osatu du, eta aurkezpen publikoa prestatu du: gaur zortzi izango da, otsailaren 2an, 18:00etan, Zumarteko ganbaran. Legealdiko Plana zereginak antolatzeko dokumentu bat da, udaleko langileek zein ordezkari politikoek erreferentzia gisa izan dezaten: osatu ere, elkarlanean osatu dute.
Legealdiko Plana ez dute hutsetik sortu, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez: hiru oinarri nagusi izan ditu. Batetik, udal-gobernuak 2023ko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztutako herri programa. Bestetik, aurreko legealditik datozen proiektuak eta orduan onartutako plan estrategikoak. Azkenik, udal-langileek zein hautetsiek udazkenean egindako lan-saioetan egindako aparteko ekarpenak. Guztiak jaso eta antolatu dituzte, Aztikerren laguntzarekin.
Guztira, 120 neurri bildu dituzte 2023-2027 legealdirako planean, “Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko: hitz batean esanda, Usurbiltzen jarraitzeko”. Udal-gobernuak, gainera, elkarlanerako gonbidapena ere egin nahi izan die herritarrei, “bidea elkarrekin, usurbildar guztiekin, egiteko gonbidapena”.