Albisteak
Atzealdea

2022rako ordenantza fiskalak onartu dituzte, hasieraz, iraileko osoko bilkuran

EH Bilduren botoekin onartu dute zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratzeko proposamena; PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.

2021·10·01


2022ko ordenantza fiskalak onartu dituzte iraileko osoko bilkuran, hasieraz: GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 30 lanegunez jendaurrean izango dira, behin betiko onartu aurretik. Irizpide orokor gisa, zergak, tasak eta prezio publikoak KPIaren azpitik (%1,5) igotzea proposatu zuen udal-gobernuak, kirol zerbitzuen eta hondakinen tasaren salbuespenarekin (%0,9 eta %10 igoko dituzte, hurrenez hurren); hobariak eskuratzeko aukerak eta eskubideak zabaltzea ere proposatu du udal-gobernuak. Dena den, ez zen adostasunik izan: EH Bilduren botoekin onartu zuten, PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.

Udal-gobernuak irailaren 23an emandako prentsaurrekoan aurkeztu zuen ordenantza fiskalak eguneratzeko proposamena. Covid19aren ondotik, oraindik ere egoera ezohikoa dela iritzita, “ezohiko neurriak” iragarri zituen bertan, udalaren esku dauden tresnak erabiltzea erabaki baitzuten “gehiagok dutenek gehiago ordaintzeko, gutxiago dutenek gutxiago ordain dezaten”. Izan ere, hobariak eskuratzeko aukerak eta eskubideak “nabarmen zabaltzea” proposatu dute, baita arautegi bat sortu ere onuradunak zeintzuk izan daitezkeen zehazteko. Udal-gobernuaren proposamenaren bidez, udalaren kalkuluen arabera, 4.000tik gora herritarrek eskura izango dute hobariak jasotzeko aukera. Horrek udalaren diru-sarrerak jaistea ekar lezake, eta jaitsiera hori orekatze aldera, jarduera ekonomikoaren gaineko zergan aldaketak egitea planteatu dute. Zerga hori milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek ordaintzen dute. Kokapen indizea erabilita, herrigunean dauden enpresei zerga hori %20 gutxitzea eta herrigunetik kanpo daudenei %20 igotzea proposatu dute. “Elkartasun eta justizia sozialeko printzipioa da, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten”.

Hobarien onurak jasotzeko, bizikidetza unitateetako lagun kopurua eta diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Kontu hartzailetzan taula bat egin dute, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartuta. Honela gelditu da, Espainiako Gobernuak 965 eurora igotzea erabaki ostean:

Bikidetza unitateko lagun kopurua

Hobaria

%90

%75

%50

1

<14.861

14.861 – 16.888

17.023 – 20.265

2

<19.454

19.454 – 22.021

22.156 – 26.480

3

<21.211

21.211 – 24.183

24.318 – 29.047

4 edo gehiago

<22.832

22.832 – 26.074

26.209 – 31.208

Tasak, zergak eta prezio publikoak KPIaren azpitik igotzearekin ados egon arren, abstentziora jo zuen EAJk. “Udaleko kontuetan honek zein eragin izango duen datuen bidez jakitea faltan bota dugu”.

Kontu hartzaileak erantzun zuen ez dagoela jakiterik, datuekin, zein izango den hobarien aldaketak udaleko kontuan izan dezakeen eragina. Izan ere, prozedura “serioa” zehaztu dutela azaldu zuen, tramite dezente eskatzen duela. “Eragina hobariak eskatu eta eskuratzeko tramite guztiak egingo dituzten herritarren kopuruaren araberakoa izango da: noski, 4.000 herritarrek erabiltzen badituzte, eragina dezentekoa izango da, baina hobarien onura txikiagoa izan dezaketenek zalantza dut tramite horiek guztiak egingo dituztenik”.

Kontu hartzaileak gaineratu zuenez, beharbada, ezingo da orekatu, jarduera ekonomikoaren zergaren igoerarekin, hobariak handituta udalak jasoko ez duen diru kopurua. Dena den, Agurtzane Solaberrieta alkateak nabarmendu zuenez, aldaketek ez ditu kolokan jarriko udalaren kontuak: “Zergek, tasek eta prezio publikoen udalaren diru-sarreren %15 inguru baino ez dute suposatzen. Diru-sarrera gutxiago izateak inbertsiotarako diru gutxiago izatea ekarriko du, baina guk estaldura soziala bermatu behar dugu: gizarte babesa da helburua”. Horrez gain, hemendik 4-5 urtetara erabakiaren balorazio bat egin beharko dela esan zuen, horrela utzi edo aldatu behar den erabakitzeko”.

PSE-EEk, bere aldetik, ordenantza fiskalak izoztea proposatu nahi zuela azaldu zuen. “Ados nago hobari hauekin, eta beste momentu batean alde bozkatuko nukeen, baina uste dut pandemiatik ateratzen ari garela oraindik, eta ez dut uste hurrengo urtean zergak, tasak eta prezio publikoak igotzeko momentua denik”.

Solaberrietak, bere aldetik, ordenantza fiskalen eguneratzea aho batez ez onartzeak pena ematen diola nabarmendu zuen, bere ustez, EAJk eta PSE-EEk ez baitzuten arrazoirik eman kontrakoa defendatzeko. “Udal-gobernuaren ekimena izatea da proposamena ez babesteko arrazoi bakarra. Egin dugun ahalegina, planteamendua bere osotasunean ez ikusi nahi ez izatea alde ez bozkatzeko, tristea iruditzen zait. Aukera ederra galdu dugu herri bezala, alderdi politiko guztien adostasunarekin, halako planteamendu anbizioso bat egiteko”.