Eduki publikatzailea
Atzealdea 2022ko ordenantza fiskalak: udalerriko aberastasuna birbanatzea helburu
2021·09·23
Ordenantza fiskalak eguneratzera doa udala, dituen tresnak baliatuz, zerga politikan “jauzia” egin, eta udalerriko aberastasuna birbanatzeko helburuarekin. “Ezohiko egoeran, ezohiko neurriak: gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea, gutxiago dutenek gutxiago ordain dezaten”, udal-gobernuaren esanetan. Urtero, urteko sasoi honetan eztabaidatu eta onartzen dira ordenantza fiskalak: horien bidez arautzen dira udal-zergak, tasak eta prezio publikoak. Udalen diru-sarreren ehuneko bat horien bidez lortzen da, eta horien helburua izaten da ahalik eta zerbitzu publikorik hoberena eskaintzea. Iraileko osoko bilkuran onartuko dituzte, behin-behinean, 2022 urteko ordenantza fiskalak.
Proposatutako aldaketak
Helburu hori lortzeko, zenbait aldaketa proposatu ditu udal-gobernuak, iraileko osoko bilkuran onartuko dituztenak. Honakoak:
-
Zergak, tasak eta prezio publikoak: KPIaren azpitik igotzea.
Batetik, irizpide orokor gisa erabaki dute zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren azpitik igotzea, hau da, azpiko inflazioa erabiltzea proposatzen dute: %1,5. “Kontuan hartu behar da KPIak, aurreko urteekin alderatuz, izugarrizko igoera izan duela (%3), nagusiki, argindarraren edota erregaien garestitzeak eraginda. Ondorioz, ezohiko jokabide edo faktoreak kenduta, azpiko inflazioa %1,5ekoa litzateke, eta horixe da, hortaz, igotzea proposatzen duguna”, azaldu dute udal-gobernuko kideek.
Irizpide orokorra hori bada ere, bi salbuespen izango dira: batetik, Buruntzaldean adostu zenari jarraiki, kirol zerbitzuetako tasak eta abonuak %0,9 igoko dira; bestetik, hondakinen tasa %10 igoko dute, zerbitzuaren gastuei buruz egindako azterketa ekonomikoa aintzat hartuta [azalpena, 4. puntuan].
-
Aldaketak hobarietan.
Aldaketa nagusia hobariena izango da. Izan ere, pandemiaren testuinguruan, hobariei “arreta berezia” jarri die udal-gobernuak: “Hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak nabarmen zabaldu ditugu”. Udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoetako hobarien arautegia sortu dute, tasa eta prezio publiko bidezko zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonek izan ditzaketen hobariak jasotzeko baldintzak arautzeko xedez.
Orain arte, uraren, kiroldegiko abonuaren eta hondakinen tasei aplikatzen zitzaien hobaria, eta datorren urtetik aurrera aplikagarria izango da honako tasa eta prezio publikoetan ere: ur hornidura, hondakinen bilketa, estolderia zerbitzua, hileta zerbitzuak (panteoikoak ezik), baratzeen erabilera tasa, kirol instalazioetako zerbitzuak (kiroldegiko abonu zein ikastaroak), haur eskola zerbitzua eta Udajolas. “Herritarrei zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztu eta bermatu nahi zaie, edozein dela ere bere errenta maila, eta modu horretan usurbildarron aukera berdintasuna bermatu. Inor atzean edo bazterrean utzi gabe, justizia soziala eginez”.
Nortzuk izan daitezke hobaridunak?
Hobarietarako erreferentzia gisa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata mantendu dute. Iaz 950 euroan zegoen, eta, berriki jakin denez, Espainiako Gobernuak akordioa lortu du sindikatuekin gutxieneko soldata 965 euroan ezartzeko. Oraingoz, 950 eurorekin egokitu dute taula, eta igoera berria onartzen den momentuan, automatikoki eguneratuko dute.
Bizikidetza unitatea osatzen duten lagunak |
Hobaria |
||
%90 |
%75 |
%50 |
|
1 |
<14.630 |
14.630 - 16.625 |
16.625 – 19.950 |
2 |
<19.152 |
19.152 - 21.679 |
21.679 – 26.068 |
3 |
<20.881 |
20.881 - 23.807 |
23.807 – 28.595 |
4 edo + |
<22.477 |
22.477 - 25.802 |
25.802 – 30.723 |
Beraz, hobarien taulan agertzen denari jarriki, hobarien onuradun honako hauek izan daitezke:
Pertsona bakarreko unitateak, urteko diru-sarrerak 19.950 € artekoak badituzte.
2 pertsonako unitateak, 2en urteko diru-sarrerak 26.068 €uro artekoak badituzte.
3 pertsonako unitateak, 3en urteko diru-sarrerak 28.595 €uro artekoak badituzte.
Eta 4 edo gehiago badira unitatean, diru-sarrerak 30.723 €uro artekoak badituzte.
Hobariek zein eragin izan dezaketen argitzeko, adibide bat jarri dute. “Gaur egun, haur eskola zerbitzuagatik, 300 euro inguru ordaindu behar izaten dute hilero familiek (euren errenta txikiagoa edo handiago izanda ere). 2022Tik aurrera, hobariekin, prezio hori %90 murriztu daiteke, errenta mailaren arabera”.
Usurbilgo herritar eta familien diru sarreren datu fidagarriak eskuratzeko Gipuzkoako Foru Ogasunaren iturri ofizialetara jo du udalak. Ogasun eta Finantza Departamentuak urtero argitara ematen ditu Pertsona Fisikoen Errenta Zergaren datu estatistikoak, udalerrien arabera banatuta. Foru Ogasunak argitaratutako azken datuak 2021ko Udalgidaren zenbaki berezian ageri dira, eta 2020ko Errenta kanpainan Usurbilgo herritarrek egindako aitorpenen datuak ikus daitezke [argitze aldera, 2020ko Errenta Kanpainan 2019 urtean jasotako errentak aitortu zituzten herritarrek].
Gipuzkoako Ogasunaren arabera, 2020ko Errenta Kanpainan 3.245 aitorpen aurkeztu zituzten Usurbilgo herritarrek. Diru-sarreren arabera, bost multzo egin daitezke:
3.245 aitorpen horietatik 661 ez ziren iristen 12.043 euroko diru-sarreretara (oinarri likidagarria): multzo honetako guztiek izango lukete hobarien onurak jasotzeko aukera.
Beste 640 aitorpenen diru-sarrerak 12.043 eurotik 18.931 euro bitartekoak izan ziren. Multzo honetan ere guztiek izango lukete hobariak jasotzeko aukera.
Hirugarren multzoan, beste 734 aitorpen egin ziren: hauen diru-sarrerak 18.931 eurotik 26.093 euro bitartekoak izan ziren. Beraz, hauek ere hobariak jasotzeko aukera izango lukete, bizikidetza unitateko kideak 2 edo gehiago balira.
Usurbilgo datuen arabera, bizikidetza unitate guztien batez besteko kideak 2 dira Usurbilen (6.173 biztanlek 3.245 aitorpen aurkeztu zituztelako).
Laugarren multzoan, beste 675 aitorpen egin ziren: 26.093 eurotik 35.400 euro bitarteko diru-sarrerak izan zituzten. Horietako batzuek ere hobarien aukera izan dezakete, bizikidetzako unitateak 3, 4 edo gehiago balira.
Eta azkenen multzoan, 35.400 euro baino gehiagoko diru-sarrerak izan zituzten beste 535 aitorpen daude. Hauek ez lukete hobaririk jasoko, hobarien muga gainditzen dutelako.
Laburbilduz, hobariak jasotzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituzten aitorpenak 2.035tik gora izango lirateke (661+640+734). Aitorpen bakoitzaren atzean, bataz beste 2 herritar daudenez, hobarien onura jaso dezaketen herritarrak 4.000tik gora izan daitezkeela kalkulatzen da. “Datu honek erakusten du hartuko dugun erabakiaren dimentsioa eta eragin soziala”, nabarmendu du udal-gobernuak.
Neurri honen onuradunak, beraz, nagusiki gizarte talde zabalak izango dira, hala nola gazteak, pentsionistak, DSBE Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) kobratzen dutenak edota Usurbilera bizitzera etorri berri diren errenta baxuko herrikideak. Izan ere, Usurbilen erroldatuta dauden guztiek izango dute hobarietarako eskubidea. Hobari eskaerak asko biderka daitezkeela uste du udal-gobernuak, eta ez du baztertzen giza-baliabideak indartzea. “Urte batzuetara egingo dugu balantzea eta ebaluazioa, neurriok bere horretan mantendu edo ez erabakitzeko”.
-
Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga.
“Anbizio handiko hobari horiek” finantzatu ahal izateko, jarduera ekonomikoaren zerga ordaintzen dutenek (hau da, milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek) gehiago ordaindu beharko dute, kokapen indizearen bidez. Hau da, industriaguneetan kokatutakoek %20 gehiago ordaindu beharko dute (indizea 1 izatetik 1,2 izatera pasatuko da), eta, aldiz, kaxkoan eta herriguneetan daudenek %20 gutxiago (1etik 0,8ra).
-
Tasen azterketa ekonomikoa.
Tasei dagokionez, zerbitzu bakoitzaren kostuei eta sarrerei buruzko azterketa ekonomikoa egin du udalak. Hona hemen ondorio nagusiak:
- Ur-hornidura. Sarrerak gastu guztien %98,92ra iristen dira. Beraz, orekatua dago.
- Estolderia zerbitzua. Beste horrenbeste, nahiz eta sarrera eta gastuen arteko aldea handixeagoa izan. Sarrerak gastu guztien %83,30 iristen dira.
- Hondakinak. Desoreka nabarmena dago gastuen eta sarreren artean. “Jakin badakigu ez dugula egun batetik bestera orekatuko, baina horri aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu”, azaldu dute.
- Hondakinen tasak bi alde ditu: zati finkoa eta zati aldakorra.
- Zati finkoa 86,04 eurotik 94,6 eurora pasatuko da, etxebizitzen kasuan.
- Zati aldakorra gehiago igoko da: etxeetako errefusa unitatea 1 euro kobratu beharrean, 1,5 euro kobratuko da, eta, horrez gain, egoki sailkatzen ez bada, hirukoitza beharrean, boskoitza kobratuko da. “Modu honetan, ‘kutsatzen duenak ordain dezala’ printzipioa are gehiago nabarmendu nahi du udalak: hau da, errefusa gehiago zamatuko da aurrerantzean”.
- Hondakinen tasak bi alde ditu: zati finkoa eta zati aldakorra.
Hondakinen tasa, beraz, errefusa hilabetean behin ateratzen duten etxebizitza baten kasuan, urtean 98,04 euro izatetik 112,64 euro izatera pasatuko da 2022an. “Inguruko herriekin alderatuta, tasa baxuenetarikoa izaten jarraituko dugu: esate baterako, 2021ean hondakinen tasa 160,22 eurokoa izan da Orion, Zarautzen eta Aian; Lasarte-Orian 101,65€, Hernanin 106€, Oiartzunen 111€. Aurreikustekoa da herri guztietan planteatuko dituztela igoerak 2022 urterako”. Kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko egin beharreko igoeratzat du udal-gobernuak: “Ezin dugu aipatu gabe utzi inguruko herri eta Euskal Herri osoko gaikako bilketarik onena dugula: %87. Eta emaitza bikain hori lortzeko, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzua eta herritarren konpromisoa. Uztarri berean doaz”.
Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa ezarri zenetik, inoiz ez da igo hondakinen tasa. “Hau da, hamahiru urte hauetan ez da ukitu, nahiz eta gastuek gora egin duten (esaterako, organikoaren eta errefusaren tratamendu gastuak gora egin zuten duela lauzpabost urte, modu nabarmenean), eta nahiz eta bilketa-zerbitzuaren kalitatean hobekuntza nabarmenak ezarri (iaz, esaterako, ontzi arinak eta papera biltzeko poltsak doan banatu genizkien herritarrei; edota konfinamendu garaian, Covid19ak erasanda edota konfinatuta zeuden herritarrei bilketa berezia egin genien, prebentzioagatik, kutsatzeak saihesteko)”.
Aurrekariak
2019an, egungo udal-gobernua osatu berritan, udal-zerga, tasa eta prezio publiko guztiei urte hartako KPIa igo zitzaien, “zuhurtziaren printzipioa aplikatuta”. Hilabete batzuk geroago, 2020ko martxoan pandemiak eztanda egin, eta “Covid19ak eragindako eta baldintzatutako testuinguru ezegonkor, zail eta ziurgabean”, zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea erabaki zuen udal-gobernuak. Baina, horrez gain, bestelako neurri ekonomikoak ere hartu zituzten, osasun krisi betean: “Alarma egoera ezartzearekin bat, udalak hartutako lehen neurri ekonomikoetako bat izan zen alarma egoerak iraun beste atzeratzea zergen ordainketa, ordainketekin zailtasunak izan zitzaketen herritarrei laguntzeko asmoz. Halaber, erabili gabeko zerbitzuengatik zegokion tasa ere ez zitzaien kobratu herritarrei zein tokiko enpresei, hala nola hondakinen eta terrazen tasa”.
Osasun egoerak, itxuraz, hobera egin arren, pandemiaren ondorio sozioekonomikoak “areagotuz” doaz, udal-gobernuaren ustez. “Horregatik, lehenengo unetik gure politika publikoen garapenean eta pandemiaren kudeaketan pertsonak erdigunean jarri eta kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada. 2021eko aurrekontuetan hartutako hainbat neurri eta egitasmo horren isla dira, esaterako, dirulaguntza lerro berriak: etxebizitzen alokairurako, jarduera ekonomiko berriak jartzeko inbertsioetarako, eskola kirolerako, botikak erosteko, kultur sormenerako eta abar”.