Eduki publikatzailea

2021eko udal-aurrekontuak “ondo” ari dira exekutatzen, kontu hartzailearen esanetan

Urteko bigarren hiruhilekoa pasatuta, aurtengo aurrekontuen exekuzioaren berri eman die kontu hartzaileak Usurbilgo osoko bilkurari zein Gipuzkoako Aldundiari.

2021·07·22


2021eko udal-aurrekontuak “ondo” ari dira exekutatzen, Usurbilgo Udaleko kontu hartzailearen esanetan. Hiru hilabetetik behin, aurrekontuaren exekuzioaren berri ematen die bai Gipuzkoako Aldundiari bai udaleko osoko bilkurari, eta urteko bigarren hiruhilekoa pasatuta, hala baieztatu du kontu hartzaileak.

Exekuzioaren berri emateko landu duen taulan, diru-sarreren eta gastuen bina exekutatze maila ageri dira. Izan ere, 12,8 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen urtea udalak, baina ezohiko diru-sarrerak tarteko, kopuru hori 15.579.092 eurora igo da. Beraz, diru-sarreren zein gastuen exekutatze maila bi erreferentziak kontuan hartuta egin ditu.

Hala, diru-sarrerei dagokienez, 12,8 milioi euroko aurrekontua aintzat hartuta, onartu diren eskubideak 8,8 milioi eurokoak izan diren heinean, sarrerak %69an exekutatu direla esan behar da, baina ezohiko diru-sarrerak kontuan hartuta, %57an. “Beraz, ondo, oso ondo”, kontu hartzailearen esanetan.

Gastuen kasuan, kopuru horien azpitik doa exekuzioa, baina dagoeneko onartutako obligazioak 5,5 milioi eurokoak dira: hasierako aurrekontua erreferentziatzat hartuz gero, gastuen %43 ingurura gerturatuko lirateke; kreditu gehikuntza kontuan hartuz gero, ordea, %36ra.

Beraz, kontu-hartzailearen esanetan, aurrekontuen exekuzioa “ondo” doan arren, “oraindik garaiz da oso” urte bukaeran nolako betetze maila izango duen aurreikusteko. “Egun batetik bestera, erabat alda daitezke datuak: urte amaierara bitartean, mugarri oso garrantzitsuak daude, esaterako, Txirikordaren lizitazioa”.

2020ko kontu orokorrak, onartuta

Gai ekonomiko gehiago ere izan zituzten hizpide uztaileko osoko bilkuran: 2020ko kontu orokorrak behin betiko onartu zituzten, esaterako. Jendaurrean egon dira, eta ez denez alegaziorik egon, behin betiko onartu zituzten, EH Bilduren zein PSE-EEren botoekin; EAJ abstenitu egin zen.