Eduki publikatzailea

2021eko aurrekontuak “nahiko txukun” exekutatzen ari dira

Udal-kontu hartzaileak aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpenak eman ditu urriko osoko bilkuran, hirugarren hiruhilekoa amaituta. Oraingoz, sarreren %67 exekutatu dira eta gastuen %50, eta udalaren zorpetzea, pixkanaka, jaisten doa.

2021·10·29


Urteko hirugarren hiruhilekoa amaituta, ohi bezala, udal-kontu hartzaileak aurrekontuaren exekuzioaren berri eman du urriko osoko bilkuran: haren esanetan, 2021eko aurrekontuak “nahiko txukun” exekutatzen ari dira. Emandako datuen arabera, orain arte, aurrekontuan aurreikusitako sarreren %67 exekutatu dira honezkero, eta gastuak, gutxiago, %50 inguru. Udalaren zorpetzea, “pixkanaka”, jaisten ari dela ere nabarmendu du, eta, egun, %12,88an dago.

Udal-kontu hartzailearen esanetan, horrela jarraituz gero, urte bukaerara iaz baino hobeto iritsiko dira udaleko diru kontuak. Horrez gain, diru kontuei lotutako beste albiste bat ere eman zuen: Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino 450.000 euro gehiago jasoko ditu udalak urte amaieran. “Urte hasieran, herri bakoitzari zenbat dagokion zehaztu ohi du diputazioak, baina dagoeneko ofizialki jakinarazi digu espero baino 450.000 euro gehiago jasoko ditugula: oso ongietorriak izango dira”. Zuhurtziaz, baina baikor azaldu da kontu hartzailea: “Ikusteko dago, baina itxura polita du”. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak ere nabarmendu zuen albiste ona dela.

Zorpetzeari dagokionez, kontu hartzaileak azaldu zuen legealdia hasi zenetik beheraka doala, pixkanaka: “Legealdi hasieran, zorpetzea %22 inguruan zegoen, eta pixkanaka, jaisten goaz: esango nuke bide onetik goazela”.