Eduki publikatzailea

2020ko aurrekontuak onartu dituzte, hasieraz, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin

Azaroko osoko bilkuran punturik garrantzitsuenetako bat izan da udal aurrekontuena, eta horixe izan da tarterik zabalena hartu duena ordu eta erdi pasatxoko osoko bilkuran.

2019·11·28


Gaur onartu dituzte, hasieraz, 2020ko udal aurrekontuak osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin; EAJ eta PSE abstenitu egin dira. Bozketaren aurretik, dena den, aurrekontuen zertzelada batzuk eman ditu Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, eta nabarmendu “ekarpenetara irekita” egon direla aurrekontuak, herritarrekin zein oposizioko alderdiekin. Azaldu duenez, udal ordezkariek ez dute aukerarik izan EAJko kideekin biltzeko, baina haien hiru proposamenak jaso dituzte, baita aurrekontuetan txertatu ere: “EAJren proposamenak txertatu ditugu aurrekontuetan, interesgarriak direlakoan; PSErenak ez, bildu ginen arren, proposamen zehatzik ez dagoelako”.

EAJk begi onez ikusi du eurek egindako hiru proposamenak aintzat hartzea, baina ohartarazi du lau urte dituela udal gobernuak aurretik: “Ea paperean idatzitakoa garatzen den”. EAJren ustez, sarreren eta gastuen oreka ez da bermatzen aurrekontuetan, eta, euren iritziko, ez daude epe luzera begira eginda. EAJren ustez, “iraupenerako aurrekontuak” egin ditu EH Bilduk: “Egunean eguneko aurrekontuak iruditzen zaizkigu, aurrera begirakoak izan beharrean”. Horrez gain, nabarmendu dute diru sarrera gehigarriak ordenantza fiskalak ukitu gabe egingo direla iragarri dutela, eta ez dela egia: “KPIa igoko da, eta usurbildar guztiok nabarituko dugu”.

Solaberrietak, bere aldetik, abstentzioari eusteko “argudio merkea” iruditzen zaiola erantzun dio, “joko politikoari” erantzuten diona: “Ez dituzue aintzat hartu herri honek dituen beharrak, ez duzue EH Bilduren aurrekontuen alde lerrokatu nahi interes politikoagatik”. Solaberrietak nabarmendu duenez, legealdi plana egiten ari da udal gobernua, eta prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte oposizioko kideak. “Horregatik iruditzen zait argudio merkea, lau urterako plangintza egiten ari garelako: herri ikuspegiz aritu beharrean, alderdikeriaz jokatzea leporatzen dizuet”.

Pertsonal gastuetako igoera azaltzeko eskatu du EAJk, iazko aurrekontuen aldean %7,5 gehiago bideratu dela esanez. Beñat Larrañaga zinegotziak esan du, bere ustez, aurrekontu guztiarekiko igoera hartu behar litzatekeela kontuan, eta hala eginda %1,5 dela igoera. Solaberrietak, bere aldetik, azaldu du Usurbilgo Udalak “kalitatezko zerbitzu publiko eta eraginkorra eskaintzea” dela helburua: “Horren jopuntuan herritarrak daude, ez langileak: zerbitzu hobeak emateko aldaketak egin behar dira, inbertsioak eginez eta dirua gastatuz”. Udalaren berrantolaketa “behar bat” den heinean, horrek aurrekontuetan isla izan behar duela nabarmendu du, horrela, Solaberrietak.