Eduki publikatzailea

Atzealdea 2020a “txukun” amaitu du udalak ekonomikoki, aurretik zeukan diru gerakinari esker

2020ko aurrekontuaren likidazioaren inguruko azalpenak eman dituzte apirileko osoko bilkuran. Kontu-hartzailearen esanetan, Covid19-ak aurrekontuaren exekuzioa zaildu eta konplikatu egin du, baina defizit gabe amaitzea lortu du.

2021·04·30


Urteko lehen hiruhilekoa pasatuta, aurreko urteko aurrekontuen likidazioa egin behar izaten dute udalek, eta iazkoaren emaitzen berri eman zuten atzo, apirileko osoko bilkuran. 2020a “txukun” amaitu du udalak ekonomikoki, aurretik zeukan diru gerakinari esker, kontu-hartzaileak nabarmendu zuenez, “Covid19-aren eraginez, aurrekontuaren exekuzioa zaila eta konplikatua izan den arren”.

Kontu-hartzaileak emandako datuen arabera, sarrerak %64,48an exekutatu ziren, eta, gastuak, %70,52an: “Biak ere aurreko urtekoen azpitik, nahiko nabarmen”. Izatez, 2020ko ekitaldiko emaitza negatiboa izan zen arren (-1.035.590,80 euro), aurreko urteetan pilatutako diruzaintza gerakina erabili izanak aukera eman du urtea defizit gabe amaitzeko, emaitza metatua 175.408,80 eurokoa izan baita. “Urteko emaitza metatua nahiko txukuna da, sarrerak uste baino gutxiago exekutatu direlako, baina aurretik geneukan poltsa hori nahikoa izan da aurtengo defizita berdindu eta gainditzeko: emaitza justu-justukoa da, baina urtea ere halakoa izan da”.

Kontu-hartzaileak, horrez gain, udalaren zorpetze maila, 2020aren amaieran, baxua zela adierazi zuen: %15,23koa. “Araudiak %75era arteko zorpetzea baimentzen du. Usurbilgo Udala, aldiz, urtez urte zorpetze maila murrizten ari da”.