Albisteak
Atzealdea

2020/2021 ikasturteko esperientzia eskolako diplomen banaketa egin dute

Covid19-a dela eta, aurrez aurre zein telematikoki egin dituzte saioak, erdi eta erdi: 34 ikasle izan dira, guztira. Diploma jaso berri dute, Agurtzane Solaberrieta alkatearen eskutik.

2021·06·15


Diplomen banaketarekin, amaitu dute 2020/2021 ikasturtea esperientzia eskolako kideek. Agurtzane Solaberrieta Mesaren eskutik jaso dute ziurtagiria, gaur, Artzabalen, bi txandatan banatuta. Ikasturte “zaila” izan da, Covid19-ak eskolekin jarraitu ahal izateko neurriak hartu behar izan baitituzte: astean behin bildu dira 34 ikasleak, erdiak etxetik telematikoki, erdiak aurrez aurre, astez aste txandatuz. Halaxe egin dute esperientzia eskolaren 15. urtea.

Esperientzia eskolan parte hartzeagatik eskerrak eman dizkie Solaberrietak ikasleei, egoerak ez baitzuen gehiegi laguntzen, eta haiek ere modu presentzialean egitearen alde egiteagatik: “Ahal zela modu presentzialean egin nahi genuen esperientzia eskola ere, osasun neurri guztiak bermatuta noski, beste alor batzuetan egin dugun bezala: kirola, kultura... Eta txalotu nahi dut eta eskerrak eman Ainara Tomasenari [irakaslea] ere, talde honekin duen konpromiso eta prestasunagatik”.

Solaberrietaren esanetan, zahartzaro aktiboa sustatzea da udal-gobernuaren nahietako bat, eta horren lekuko dira lehendik egiten diren ibilbide osasuntsuak, esperientzia eskola bera eta aurten antolatutako helduentzako euskara ikastaroa eta adinekoak teknologia digitaletan trebatzekoa. “Esperientzia eskolan ere sekulako ahalegina egin duzue: diploma bikoitza merezi duzue. Bejondeizuela!”.

Esperientzia eskolako ikasleek herriari ekarpen handia egin diezaioketela uste du Solaberrietak, eta, hala, dei egin die egiten diren parte-hartze prozesuetan: “Leku askotan nabarmendu izan ditut talde honek duen ezagutza eta eskarmentua: gazteago garenok asko daukagu zuengandik ikasteko”.