Eduki publikatzailea
2017·10·23
Usurbilgo herritarrak indartsu azaldu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuetan egin nahi dituen murrizketen aurrean. Izan ere, erabaki horiek alegatzeko epea urriaren 23an bukatzen den arren, usurbildarrek 2.000 alegazio inguru sinatu dituzte, Udalak propio sinatu duena barne. Zentzu horretan, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak bilera izan du Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta Iñaki Prego zuzendariarekin. Bileran, gipuzkoarren eta bereziki usurbildarren garraio zerbitzu publikoa errespeta dezatela eskatu die Usurbilgo alkateak.
Izan ere, Lurraldebus-ek eskaintzen duen 'Usurbil – Ospitaleak' linea guztiz desagertarazteko asmoa iragarri du Aldundiak. Bertan daude, besteak beste, Usurbilgo herriguneko eta Aginagako zein Txokoaldeko geltokiak. Horrez gain, 'Usurbil – Hernani' arteko linean Zubietako, eta, horrenbestez, Santueneko geltokiak ere desagertuko dira. Linea hori, esaterako, Zubietan zein Santuenen bizi diren gazteek erabiltzen dute Lasarteko institutura joateko. Hemendik aurrera Usurbilgo herrigunera hurbildu edo Lasartera beraien kabuz joan beharko dira halabeharrez. Udal arduradunen iritziz, “murrizketa hauek adinekoen eta gazteenen artean izango dute eraginik handiena, hau da, babes gutxien daukaten gizarte sektoreen artean”.
Mozioa aurkeztuko du gobernu taldeak
Aldundiak linea horietan erabiltzaile gutxi dagoela argudiatu du. Horren aurrean, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak “zerbitzu publikoen defentsa egitea” eskatu die Aldundiko arduradunei. Aldundian eginiko bileran, udal ordezkariek esan zieten bus zerbitzu publikoak ezin direla “erabiltzaile kopuruaren arabera eta ikuspegi ekonomizista hutsetik jarri edo kendu, irizpide horrek zokoratu egiten baititu komunitate txikiak”. Gogorarazi zitzaien aurreko legealdian lanketa handia egin zela, herritarrei parte hartzeko aukera handia eman zitzaiela, eta ezin dela orain bat-batean egindakoa deuseztatu.
Urriaren 31ean egingo den plenoan, gobernu taldeak mozioa aurkeztuko du. Bertan, besteak beste, herritarrekin, udalekin eta gizarte eragileekin prozesu ireki bat martxan jar dezala eta Usurbilen dauden bus-zerbitzu eta linea guztiak mantendu ditzala eskatuko diote Aldundiari.