Eduki publikatzailea
Atzealdea 1936ko gerran fusilatutako usurbildarrak omenduko dituzte tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urteurrenean
2021·09·13
2021eko irailaren 18an beteko dira 85 urte tropa faxistak Usurbilen sartu zirela, eta efemeride hura gogoratzeko ekitaldia antolatu dute Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak, elkarlanean, Izan zinetelako gara izenburupean. Antolakuntza lanetan hainbat herritarren laguntza izan dute, eta horrek isla izango du ekitaldian ere. Gertaera hura gogoratu bai, baina, batez ere, faxistek fusilatutako usurbildarrak omentzea izango du helburu ekitaldiak: zazpiren izen-abizenak dituzte, eta horietatik bosten senitartekoekin kontaktatu ahal izan dute; ekitaldian izango dira. Ekitaldi irekia bada ere, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea usurbilkultura.eus webgunean: azken eguna irailaren 16a izango da.
“Herriak herriarentzat”
2020ko ekainean aurkeztu zuten jendaurrean 36ko gerrak Usurbilen eragindakoak ikertu, ezagutzera eman eta balioan jartzeko proiektua, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez. Ordutik, proiektuak izan duen garapena nabarmendu du: “Alboan nituen, orduan, Aitor Azurki, Aitzol Arroyo eta Ion Martin. Gaur herritar gehiago ditut alboan, egitasmo honek egin duen ibilbidearen erakusgarri. Usurbil 1936 elkartea sortu da proiektu honen bueltan, eta elkartera batu diren herritarrei eskerrak baino ezin dizkiet eman. Proiektua sustraitzen ari da, gorpuzten, eta horren isla da datorren larunbaterako antolatu den ekitaldia, inoiz aurrez gure herrian oroitu ez den urtemuga garrantzitsua”.
Hain zuzen ere, Usurbil 1936ko lantaldeko kiden den Elorri Armendarizek nabarmendu duenez, “herriak herriarentzat” egindako oroimen lanketa da larunbateko ekitaldia. “Ekitaldi borobila atera zaigu, herriko hainbat diziplinatako pertsonek parte hartuko dutelako: musika, kantua, dantza, poesia... Antolakuntzan ere herritarrak ditugu, hasieratik bukaerara. Kolore eta adin guztietakoak gainera, hau denon memoria delako, giza eskubideen ikuspegitik osatutako oroimena”. Ekitaldia 18:00etan izango da, Usurbilgo frontoian.
“Memoriaren eskubidea eta obligazioa”
Usurbil 1936 elkarteak urtebetean “lan itzela” egin duela nabarmendu du Solaberrietak, eta bereziki nabarmendu du herritarren parte hartzea. Orain arte, lan solteak egin izan dira, baina ez orain garatzen ari den dimentsiokoa, eta horren beharrezkotasunaz ohartarazi du. “Gure iruditeria historiko eta kolektiboan Gernika, Durango, Intxorta, Bilbo... datozkigu burura tropa faxisten erasoaldi basatiez aritzean, baina gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen, egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, gudariez eta faxistek Usurbil hartu ondorengo egoeraz, errepresioaz, horrek eragindako ondorioez, sufrimenduaz...”. Hala, memoria herritarrekin batera osatzearen eta, aldi berean, ondorengo belaunaldiei transmititzearen garrantzia nabarmendu du Solaberrietak: “Memoria historikoa ez da artxibo batean gordetzen diren paperak bakarrik, edo museo batean gorde daitezkeen harriak. Memoria da iragan guztia, eta hori hurrengo belaunaldiei pasatu behar zaie, ondore izaten jarraituko badu. Memoria kolektiboa izan behar du, herritarrek osatutakoa. Bizia. Testigantzez josia. Jakin badakigu historia beti idazten duela irabazten duenak, eta urte askotan zehar herri honetan gertatutako gauza asko kontatu izan dela ikuspuntu horretatik. Hori ere bada memoria historikoaren parte, baina zati bat baino ez da, eta, gainera, kasu askotan, gezurrez betetakoa izaten da. Horregatik dira ezinbestekoak eta beharrezkoak Usurbilen egiten ari garen ikerlanaren gisakoak, aurrez beste hamaika herritan egin den bezala, gure memoria historikoa berreskuratzeko”.
Solaberrietaren esanetan, 36ko gerra, “ezbairik gabe, XX. Mendeko Euskal Herriko historiaren gertaerarik latzena eta traumatikoena” izan da: “Gerrak bortizki eta iraunkorki markatu zuen, zuzenean zein zeharka, protagonisten memoria, baita beraien ondorengoena eta etorkizuneko belaunaldiena ere. Horregatik, lurpean utzi nahi dutenen egia azalaraztea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun”.
Euskal Herriko memoria historikoaren osaketan ibilbide eta lan eskerga egin duen Paco Etxeberria forentsearen esan bat ekarri du gogora Solaberrietak: “Hari entzun nion biktimek memoriaren eskubidea dutela, eta guk, gizarteak, memoriaren obligazioa dugula. Gertatutakoa jakitea beharrezkoa da nondik gatozen jakiteko, erreparazioa eman ahal izateko eta, nagusiki, berriz ez gertatzea bermatzeko. Hori da, gutxienez, ondorengo belaunaldiok egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia”.
Herriko fusilatuen zerrenda handitu da
Tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 85. urteurrena baliatu nahi izan dute antolatzaileek, kasu honetan, memoria ariketa egiteko, Azurkiren esanetan: “Argi dugu omendu nahi ditugula faxismoaren garrak pairatu zituzten guztiak: erbesteratuak, errepresaliatuak, desterratuak, depuratuak, jazarriak... Eta, bereziki, kasu honetan, fusilatuak, oraindik orain euren izenak berreskuratzen ari baikara”.
Hain zuzen ere, ikerketa eta parte-hartze fasean orain arte identifikatu gabeko Usurbilgo bi fusilaturen izen-abizenak ezagutu dituzte: Jose Heredero eta Romana Zubiriaren kasuak. “Jada bagenuen fusilatuen zerrendara atxiki ditugu bi izenok, baita senitartekoak topatu ere. Guretzat oso garrantzitsua da fusilatu guztien izen-abizenak jakin eta omentzea”. Azurkiren esanetan, zazpi lagunek osatzen dute zerrenda hori, eta horietatik bosten senitartekoekin lortu dute kontaktua egitea. Ekitaldian izango dira haiek ere: “Fusilatu gehiago izan daitezke, eta horien arrastoaren atzetik ari gara lanean: 85. urteurren honetan leku berezia izango dute herriko fusilatuek”. Zazpi horientzat ez ezik, izan ziren gainerakoentzat ere izango da larunbateko omenaldia.
Aurrera begirakoak
Larunbateko ekitaldiaren ostean ekintza gehiago izango dira, lantaldeko kideek azaldu dutenez. “Oroimen ariketa honetan gehiago sakondu nahi dugu, bide luzea geratzen baitzaigu aurretik: etorriko dira beste ekitaldi eta fase batzuk oroimen historikoaren prozesu honen barnean”. Hain zuzen ere, ekitaldiarekin parte-hartze fasea ixten eta hurrengoan murgiltzen hasiko dira “pixkanaka”, gudalekuen berreskurapenean. “Oraindik asko dago egiteko, ikertzeko, ateratzeko, esparru ugaritan: hau hasi besterik ez da egin. Herri osoaren laguntza beharko dugu Usurbilgo oroimen historikoa osatzeko: herritarrei laguntza eskatu nahi diegu beste behin, hurbil daitezen eta gurekin parte hartu”, nabarmendu du Azurkik.
Kamisetak
Armendarizek azaldu duenez, 1936ko gerraren ondorioak aztertzeko ekimenari bultzada emateko kamisetak egin ditu elkarteak, eta salgai izango dira larunbatean. Bertaratzerik ez duenak, eta sobratuko balira, Usurbil 1936 lantaldearen sare sozialen* bidez edo mezu elektronikoz [36kogerra@usurbil.eus ] egin dezake eskaera.
* Usurbil 1936: sare sozialak
Twitter: @usurbil1936
Facebook: Usurbil 1936
Instagram: Usurbil 1936
Usurbilgo memoria osatzen lagundu nahi baduzu1936ko gerrak Usurbilen eragindakoak aztertzen lagundu nahi baduzu, mezua bidali edo deitu: 665 724 752 edo 36kogerra@usurbil.eus .