Eduki publikatzailea

Atzealdea Udala Sortalde energia komunitatearen bazkide laguntzaile bihurtzea onartu dute, aho batez

Erabakiaren ondorioz, udalak Sortalde kooperatibaren errektore kontseiluari bazkide laguntzaile izateko eskaera egingo dio. Onartua bada, udalak 1.000 euroko ekarpena egingo dio kooperatibari, bazkide laguntzaile gisa.

2024·04·12


Usurbilgo Udala herrian sortu berri den Sortalde energia komunitatearen bazkide laguntzaile bihur dadin onartu dute, aho batez, apirileko ezohiko osoko bilkuran. Orain, udalak Sortaldeko errektore kontseiluari egin behar dio bazkide laguntzaile egiteko eskaera, eta kooperatibak eskaera onartzen duen edo ez aztertu beharko du. Onartua bada, kooperatibaren kapital sozialera nahitaezko 1.000 euroko ekarpena egingo du.

Xabier Aranburu EH Bilduko zinegotziak gogoratu duenez, udalak 2022an Goiener kontratatu zuen, herrian energia berriztagarrien komunitate bat eratzeko aholkularitza lanak egin zitzan. Gaiaren inguruko hainbat bilera egin, eta, horien ondorioz, Sortalde energia berriztagarrien komunitatea sortu da: 30 usurbildarrek parte hartu dute eraketan. Iazko ekainean eratu zuten, ofizialki, notariotzan, irabazi asmorik gabeko sozietate kooperatibo integral gisa.

Sortaldek energiaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du, energia kontsumoa murriztea, energia berriztagarrien sorkuntza bultzatzea, gertuko kontsumoa bultzatzea eta egungo mugikortasun ereduaren energia-mendekotasunean ere eragin nahi du.

EAEn onartu berri den 1/2024 Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legeak dio, besteak beste, euskal administrazio publikoek herritarren energia-komunitateen eta energia berriztagarrien komunitateen garapena sustatu behar dutela. Lege hori oinarri hartuta, udaleko ingurumen teknikariak bere txostenean nabarmendu du Sortalde “eragile garrantzitsua” izango dela, eta “sustatu beharrekoa”, udalerri mailan eman behar den trantsizio energetikoa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko.

Aranburuk nabarmendu duenez, udal-gobernuak trantsizio ekosozialaren misioa bultzatu berri du Usurbilen, hain zuzen ere, klima aldaketari eta energia trantsizioari aurre egiteko era askotako eragile eta herritarren arteko elkarlanerako espazio bat sortzeko. Beraz, udala Sortaldeko bazkide laguntzaile izatea erabat bat dator udal-taldearen irizpideekin. Oposizioko taldeek ere parte hartu zuten misioaren sortze bileretan, eta Sortaldeko bazkide laguntzaile izatearen alde bozkatu zuten.