Eduki publikatzailea
Atzealdea Haur eskola zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena eman diote, osoko bilkuran
2024·04·12
Haur eskola zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena eman diote, ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduk eta PSE-EEk; EAJ abstenitu egin da. Aurreko lizitazioa 2021ean esleitu zen, hiru urterako, eta aurtengo irailaren 1ean amaitzen zen: beharrezkoa zen, beraz, lizitazio berria martxan jartzea. Erabakia, orain, Gipuzkoako eta Europako Batasuneko aldizkari ofizialetan argitaratu eta jendaurrean jarriko da: lizitazioaren bolumen handiagatik argitaratu behar da espedientea Europakoan ere; bertan jendaurreko epea luzeagoa izaten da. Haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantza ere hasieraz onartu dute, lizitazioaren boto berberekin.
Lizitazio berria egiteko beste arrazoi nagusi bat ere egon da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu duenez: Eusko Jaurlaritzak iazko ikasturtean bere menpeko Haurreskolak Partzuergoan biltzen diren haur eskoletan doakotasun unibertsala ezarri izana, udal titularitatekoak diren haur eskolak erabaki horretatik kanpo utziz. “Horren aurrean, eta artean ziurgabetasun handia zegoela, testuinguru berri horretara egokitu eta udalak gurasoen kuotaren zati handi bat hartzea erabaki genuen, baina ohartarazi genuen beharrezkoa zela gogoeta bat zabaltzea, erabakitzeko nolako haur eskola nahi dugun, nola kudeatua izan dadin nahi dugun, eta abar”.
Solaberrietaren esanetan, horretan aritu dira irailaz geroztik, eta lanketa horren emaitzaren isla dira ezohiko bilkuran onartutako lizitaziorako pleguak zein erabiltzaileen eskubide eta betebeharren ordenantza ere. Era berean, guztiaren berri eman zitzaion haur eskolako komunitateari martxoaren 6an Sutegin egindako bilera irekian.
Haur eskolak udal zerbitzua izaten jarraituko du, eta 0-3 ziklo osoa barne hartzen jarraituko du: horixe izan da azken hilabeteotan landutakoaren emaitza funtsezkoena. Partzuergora jotzea ere aztertu zuten, baina kontsulta egin ostean jakin zuten Partzuergoak ez lituzkeela orain arte udal haur eskolan aritutako langileak bere gain hartuko, eta hori marra gorria izan da udalarentzat, hasieratik.
Lizitazio berriarekin, datozen urteetan ere udalak 2023-2024 ikasturtean egindakoaren pareko esfortzu ekonomikoa egingo du, handiagoa ez bada. Lehen bezala, udalaren ekarpen ekonomikoa matrikulazioaren araberakoa izango da, eta bere kalkuluen arabera, 216.000€ eta 268.000€ arteko ekarpena egitea egokituko zaio. Gurasoen kuota, berriz, lanaldi osokoa 60 eurokoa izango da eta lanaldi erdikoa, 40 eurokoa: horiek apirileko ohiko bilkuran onartuko dituzte. Kuota horietatik at geldituko da jangela: lizitatzaileak, dena den, jangela zerbitzua bermatu beharko die, 117 euro bazkariagatik eta 20 euro meriendagatik, gehienez ere. Erabateko doakotasuna eskaini ezin duen arren, bileran gogoratu dute udalak hobarien sistema duela martxan, eta onuradunek haur eskolaren kuotan hobari nabarmenak jasotzeko aukera dutela (%50 eta %90 artekoak).
Martxoaren 6ko bileran azaldu bezala, udaleko eta haur eskolako zenbait ordezkarik lantalde bat osatu dute, eta hasiak dira lanean, eraikinaren barruko zein kanpoko eraberritzearen inguruan aritzeko. Azaldu zutenez, eraikina barrutik berritzeko 300.000 eurora bitarte jartzeko borondatea du udalak, eta eraikinari IT azterketa ere egingo diote, kanpo-elementuak nola dauden aztertzeko. Zerbitzua eten behar izan gabe egin nahi dituzte eraberritze lanak, eta, beraz, obrak faseka gauzatu beharko dituzte; bileran, 0-1 etapatik hasteko konpromisoa azaldu dute.