Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Belmonte kaleko zorua konpontzeko lanak egingo ditu, apirilaren 22tik aurrera

Galtzada-harrizko zoladura konpondu bitartean, kalea erabat itxita egongo da. Aurreikuspenen arabera, lanek lau aste iraungo dute; amaitutakoan, hiru astez itxita egongo da, materiala ondo finkatua gelditu dadin. Haur eskola ondoko aldapa konpontzeko lizitazioa martxan dago.

2024·04·11


Udalak Belmonte kaleko zorua konpontzeko lanak egingo ditu apirilaren 22tik aurrera. Hori dela eta, zoladura konpondu bitartean, kalea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat. Aurreikuspenen arabera, lau aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta, ondoren, beste hiru astez itxita egongo da, materiala ondo finkatuta gelditu dadin.

Auzotarrek egindako eskaeretako bat da Belmonte kaleko zorua konpontzea. Udalak lan hori egiteko konpromisoa hartu zuen Pelaioeneko obrak amaitutakoan. Belmonte kaleari lotutako beste eskaera bat ere egin zuten auzotarrek: bertatik soilik auzotarrek pasatu ahal izatea. Zorua konpondu ostean, beraz, hori izango da hurrengo lana: kontrol sistema ezartzea.

Haur eskolaren ondoko aldapa konpontzeko lizitazioa martxan dago. Ondo bidean, lanak maiatzaren amaieran hasteko moduan egon daitezke.