Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Usurbil, goazen kalera’ ekimena berreskuratuko dute, elkarlanean, jubilatuen elkarteek, ikastetxeek eta udalak
2024·04·10
“Usurbil, goazen kalera” ibilbide osasuntsuak berreskuratuko dituzte, elkarlanean, herriko jubilatuen elkarteek, ikastetxeek eta udalak. Datorren astean hasiko dira, eta, oraingoz, ekain amaierara arteko egutegia prestatu dute: apirilaren 16an, asteartea, izango da lehenengo saioa, Usurbilgo frontoian hasita, 10:00etan. Asteroko maiztasuna izango dute saioek, eta, berritasun gisa, aste bakoitzean leku desberdin batean izango da: Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagan, Santuenean eta Zubietan ere egingo dute.
Joxe Mari Lizaso zinegotziak gogoratu duenez, ez da ekimen berri bat: “Covid19-aren pandemia tarteko, bertan behera gelditu zen, eta gero berriz ere martxan jartzen saiatu ginen arren, ez zuen arrakasta handirik izan. Orain, berriz, berreskuratu egin nahi dugu, gure ustez, indartuta”. Lizasoren esanetan, ekimena Usurbilgo zaintza ekosistemaren parte izan dadin nahi du udalak, komunitatearen ekarpenaren bidez.
Usurbilgo Zaintza Ekosistemaren arduradun Maider Irisarriren esanetan, komunitateak “ekarpen oso interesgarria” egin dezake zaintzari lotuta. Ohartarazi duenez, zaintza behar duten pertsonak eta haien zaintzaileak, pixkanaka, desagertu egiten dira bizitza publikotik, eta lehen egiten zituzten ekintzak egiteari uzten diote, zaintzak behartuta. “Halako egoerak saihestu nahi genituzke, eta tresnak eman herritarrei halako egoeratan topatu ez daitezen”. Irisarriren arabera, Usurbil, goazen kalera ekimena horretarako tresna egokia izan daiteke.
Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi jarri dizkiote ekimenari. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakondu nahi dute, eta herriko jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatuko dituzte saio hauek, udalaren laguntzarekin: Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak parte hartuko dute. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere izango du helburu ekimenak, komunitate izaera sustatzearekin batera.
Hala, helburu horien arabera moldatu dute Usurbil, goazen kalera ekimena. Batetik, Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagan, Santuenean eta Zubietan ere egingo dute: saio bakoitza tokian tokiko jubilatuen elkarteak eta ikastetxeak antolatuta izango da. Esaterako, apirilaren 16ko saioa Usurbilgo kaxkoan denez, Artzabalgo Gure Pakeak eta Udarregik antolatuko dute. Bestetik, saioak astero egingo dituzte, astearteetan, 10:00etatik 11:30era. Gehienetan, ohi bezala, paseoak emango dituzte elkarrekin, baina tarteka bestelako ekintzak ere egingo dituzte, eta nabarmendu dute ez dela jubilatu edo ikasleei soilik zuzendutako ekimen bat: nahi duen orok parte hartu dezake.
Antolatzaileak jubilatuen elkarteak eta ikastetxeak izango diren arren, udalaren laguntza izango dute. Saiootako begiralea bermatzeaz gainera, saioen amaieran hamaiketakoa izango da denentzat, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek prestatua eta udaleko zerbitzuetako lankideek behar den lekura eramanda.
Lizasok gaineratu duenez, egutegi bat eta eskuorri bat prestatzen ari dira, jendeari ekimenaren berri eman eta aste bakoitzean non izango den jakin dezaten. Ekain amaieran, ekimenaren balorazioa egingo dute, eta irailetik aurrerako egutegia landu.
Parte-hartzaileak, pozarren
Mertxe Pikabeak, jubilatuen ordezkari gisa, azaldu du “ideia oso polita” iruditu zitzaiela, hasieratik, adinekoak haurrekin eta gazteekin batera ibiltzea: “Beraiek asko daukate guri erakusteko, baita guk beraiei erakusteko ere. Pozik gaude: ea ondo ateratzen den”.
Udarregiko irakasle eta ikastetxeetako ordezkari gisa, Ander Izetak, bat egin du Pikabearekin, eta eskolaz kanpoko heziketari ere erreparatu dio. “Ikasgelan asko ikasten da, baina ikasgelatik kanpo ere asko ikas daiteke, eta hau ekimen oso polita iruditu zitzaigun horretarako”. Belaunaldi artekotasunaren balioa ere nabarmendu du Izetak: “Ekimen honen bidez sortuko diren harremanak uste dugu baliogarriak izango zaizkiela ikasleei beraien bizitzarako ere”.
Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako koordinatzaile Idoia Belokik esker oneko hitzak izan ditu parte-hartzeko emandako gonbidapenagatik: “Aukera oso-oso ona da guretzat. Guk gazteekin egiten dugu lana, eta benetako proiektu batean lan egiteak asko laguntzen die. Honen bidez, gai ugari landu ahal izango dituzte sukaldaritzako ikasleek: zer prestatu erabaki beharko dute, zer kostu izango duen kalkulatu, eta abar. Gazteak oso ilusionatuta daude”.