Eduki publikatzailea

Atzealdea Maiatzaren 10ean izango da Txirikordaren irekiera herrikoia

Herritar guztiak gonbidatu dituzte maiatzaren 10eko irekiera ekitaldira. Txirikordako bizilagunek hilabete hasieran jaso zituzten giltzak, gauzak eramaten hasi ahal izateko, eta zenbaitek sinatua dute alokairu kontratua dagoeneko. Txirikordako obra kontratuaren likidazio juridiko eta ekonomikoa behin betikotzat jo zuten martxoko osoko bilkuran, aho batez, Murias enpresa eraikitzailearen alegazioak baztertzearekin batera.

2024·03·26


Maiatzaren 10ean izango da Txirikordaren irekiera, arratsaldez, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira. Ordurako, han bizitzen izango dira belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren lehenengo 16 bizilagunak, ia hilabetez: hauteskundeak tarteko, irekiera-ospakizun eguna atzeratu behar izan dute, baina zenbait bizilagunek jada sinatu dituzte alokairu kontratuak, eta bertan bizitzen jartzeko moduan daude dagoeneko.

 

Txirikorda bi kolektibori zuzendutako proiektua da: 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako helduak. Guztira, 16 etxebizitza ditu: bi logelako lau etxe, eta logela bakarreko hamabi. Oraingoz, hamahiru etxe bete dira: bi logelako hiru etxe eta logela bakarreko hamar. Gazte eta helduen artean erdira esleitzea izan da asmoa hasieratik; helduen kolektiboan, ordea, eskaera gutxiago izan dira: hiru erreserban utzita, helduei zuzendutako bi etxebizitza gaztei esleitu zaizkie. Kontratuak bost urterako izango dira: gazteen kasuan, ez dira luzagarriak izango, eta helduen kasuan, bai; gizarte zerbitzuek baloratuko dute kontratua luzatzeko baldintzak betetzen diren.

 

Enpresa eraikitzailearekin gorabeherak

Txirikorda eraikitzeko obrak nahi baino gehiago luzatu dira: urtebete, gutxienez. Iazko otsailean, Txirikordan Muriasentzat lanean ari ziren azpi-kontratatutako enpresa batzuek udalari jakinarazi zioten lanak eten egin zituztela, Muriasek ez zielako ordaindu egindako lanengatik; Muriaseko obrako arduradunak halaxe zela baieztatu zion udalari. Egoera konpontzeko konpromisoa hartu, baina hori ere ez zuten bete, eta, azkenean, 2023ko urrian, ezohiko osoko bilkuran onartu zuten udalak Muriasekin zuen kontratua suntsitzea eta obra amaitzeko lanak udalak bere gain hartzea.

 

Erabaki horri ez zion alegaziorik jarri Muriasek, eta, horri esker, azaroaren 20an, jada eginda zeuden obren neurketa egin zuten, Muriaseko, obra zuzendaritzako eta udaleko ordezkarien adostasunarekin. Kontratuaren suntsiarazpena behin betiko bihurtuta, udal aparejadoreak Muriasi eskatu beharreko kalte ordainen balorazioa egin zuen: haren esanetan, 211.632,36 euro zor dizkio Muriasek udalari. Kopuru horren barruan hainbat kontzeptu daude: obra amaitzeko udalak egin behar izan dituen kontratazioak, udal brigadak egindako lan eta materialak, kobratu gabeko alokairuak, udaleko arkitekto teknikoaren dedikazio gehigarria eta suntsipena gauzatzeko udalak kontratatutako kanpo aholkularitza zerbitzua.

 

Muriasek alegazioa jarri zion kalte-ordainen eskaerari. Udaleko aparejadoreak zein kontratazio teknikariak alegazioak ez onartzeko txostenak egin dituzte, eta hala onartu dute, aho batez, martxoko osoko bilkuran ere: alegazioak aintzat ez hartzea eta likidazio juridiko-ekonomikoa behin betikotzat jotzea. Modu horretara, udalak, batetik, Muriasek jarritako abala exekutatzeko aukera du: abal hori 101.000 euro ingurukoa da. Udalarekin ez ezik, beste hainbatekin ditu zorrak Muriasek, eta hartzekodunen konkurtsoa abiatuko da: udalbatzaren erabakiaren ondorioz, udala ere hartzekodun gisa agertuko da konkurtso horretan, eta hor eskatu beharko ditu Muriasek zor dizkion gainerako 110.000 euroak.