Eduki publikatzailea

Atzealdea 650 Usurbil Bizi proiektuak smartphoneetarako aplikazioa du

Android zein iOS telefonoetarako aplikazio irisgarria da, Elhuyarrekin eta Baturarekin elkarlanean sortua izan dena. Horrez gain, 2024rako prestatzen ari diren eskaintza ezagutarazi dute.

2024·03·13


650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren smartphoneetarako aplikazioa aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan, Ines Azpiazu 650 Usurbil Biziren dinamizatzaileak, Itziar Cortes Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitatearen koordinatzaileak eta Gotzon Arzelus Baturako Negozio Zuzendariak. Jakinarazi dutenez, Android zein iOS telefonoetarako aplikazioa deskargatzeko moduan dago Play Storen zein App Storen, “hilabete luzeetako” lanaren ondoren.

Azpiazuk gogoratu duenez, 650 Usurbil Bizi aplikazio berriak badu “gertuko arbaso” bat: Adi Usurbil aplikazioa. 2016an sortu zuten, hura ere Elhuyarrekin elkarlanean: Harria Hitz ibilbidean bildutako artelanak QR sorta batekin identifikatu eta bisita nork bere kabuz egin ahal izateko modua ematen zuen. “650 Usurbil Bizi app-a bokazio horrekin sortu dugu, funtzio berriak eranstearekin batera”.

Hala, edonork egin dezake bisita gidatua, gida baten beharrik gabe, telefonoaren laguntzarekin: herriko interes guneak (dema plaza, Zumetaren murala, Judas Arrietarena...) eta herriguneaz harago egin daitezkeen bestelako planak (zaintzari lotuta, Errotarrien bidea, herri-auzoak ezagutzea...) azaltzen ditu aplikazioak. Horrez gain, Adi Usurbilek egiten zuen bezala, interes gune horiek modu irisgarrian ezagutzeko bidea eskaintzen du. Era berean, bisita gidatuen agenda kontsultatu eta erreserbak egiteko aukera ere ematen du, 650 Usurbil Biziren webgunearekin lotura eginez.

Itziar Cortes Etxabe, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitatearen koordinatzaileak nabarmendu duenez, Elhuyar aditua da hizkuntza-teknologien alorrean, eta horren erakusle da Bidaide plataforma. Plataforma hori eduki kudeatzaile bat da, non azken belaunaldiko hizkuntza-teknologiak integratuta dituen: Elia itzultzaile automatikoa eta TTS neuronala, testua ahots bihurtzeko sistema, besteak beste. Bidaidek hizkuntza batean sortutako edukia beste hizkuntzatara itzulpen automatiko bidez itzultzeko aukera ematen du, eta eduki horietako bakoitza entzuteko aukera ere eskaintzen du. Era horretara, audiogida eleaniztun eta irisgarria sortzeko bitarteko teknologikoak jarri ditu Elhuyarrek Usurbilgo Udalaren esku. Zehazki, sei hizkuntzatan kontsulta daiteke 650 Usurbil Bizi app-a: euskara, gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa eta frantsesa.

Gotzon Arzelus Baturako Negozio Zuzendarien esanetan, mugikorrentzako aplikazioen garapenean enpresa aditua den neurrian, proiektu honetan, Android eta iOSerako aplikazio irisgarriak garatu ditu, Elhuyarren laguntzarekin. Izan ere Elhuyarren Bidaide plataforman elikatu diren edukiak APPeetan modu irisgarrian bistaratu ditu.

2024rako eskaintza, bidean

Azpiazuk jakinarazi duenez, 2024rako eskaintza berria prestatzen ari dira. Orain arte, arteari lotutako eskaintza egin izan dute, eta hemendik aurrera herriaren alderdi desberdinak ezagutzeko aukera emango dute. Esaterako, badira zenbait hilabete zaintzari lotutako bisita egiten ari direla: “Bisita hauek eskaripekoak izaten dira, Usurbilen zaintza ereduaren inguruan egin dugun lanketa ezagutzeko interesa duten instituzio eta taldeena: azalpenak emateaz gain, Txirikorda eta Egurtzegi ezagutzeko aukera eskaintzen diegu”.

Aukera sortzen denean, gainera, herriko zein gertuko eragileekin elkarlanean aritzeko bokazioa dute, Azpiazuk gaineratu duenez: horren adibide, Chillida Lekurekin elkarlanean eskainitako bisita bereziak. Iaz bezala, aurten ere Museo Irekia bisitarekin batera Zumeta estudiora bisitak antolatu dituzte, Usoa Zumetarekin elkarlanean: 650 Usurbil Biziren webgunean zein egunetan izango diren kontsultatu eta erreserbak egin daitezke, dagoeneko.

Horrez gain, beste bi bisita prestatzen ari dira. Batetik, elizako ondarea ezagutzekoa: “Hitzarmena sinatzeko badaukagu ere, esan dezakegu bisita horien bidez Salbatore parrokia, bertako erloju bikaina eta organoa ezagutzeko aukera izango dela”. Usurbilgo hondakinen kudeaketaren inguruan udalak orain arte egindako bisitak turismo eskaintzaren barruan sartuko dituzte, baita ere.

Era berean, 650 Usurbil Biziren euskarriak berrituko dituzte datozen egun eta asteetan: artelanen ondoko QR-ak eta Mikel Laboa plazako totema.

Azpiazuren esanetan, Zumetaren muralaren 50. urteurreneko egitaraua bigarren erakusketa batekin itxiko dute, apirilean. “Zumetaren Usurbil izango du izenburu, eta datorren astean aurkeztuko dugu, Usoarekin batera”.