Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal langileekin kudeatzen diren zerbitzu publiko guztiak itxita egongo dira asteartean, sektore publikoaren greba dela eta

Usurbilgo Udaleko Langileen Batzarrak administrazio publikoko langileen martxoaren 12rako deitutako greba deialdiarekin bat egin du. Udal-langileen bidez ematen ez diren zerbitzuak irekita egongo dira. Garbitaniak ere bat egin du grebarekin, beraz, asteartean ez da hondakinik bilduko.

2024·03·07


Udal-langileekin kudeatzen diren zerbitzu publiko guztiak itxita egongo dira asteartean, martxoaren 12an, udaleko Langileen Batzarrak Gipuzkoa, Araba eta Bizkairako deitutako administrazio publikoko langileen grebarekin bat egin ostean. Asteartean egin zuten batzarra, eta langileen babesa jaso zuen deialdiak.

Deialdiarekin bat eginda, udal-langileekin kudeatzen diren eta herritarrentzako itxita egongo diren zerbitzu publikoak honakoak izango dira: udaletxea, Gizarte Zerbitzuak, Potxoenea eta Sutegi. Udal-langileen bidez ematen ez diren zerbitzuak, berriz, irekita egongo dira: kiroldegia, etxez etxeko laguntza, Gaztelekua, jubilatuen egoitzak, haur eskola, Eguneko Arreta, sexu aholkularitza eta bestelako tailer eta ikastaroak. Bidez Bide garraio zerbitzua ere martxan izango da. Potxoenearen kasuan, ez da arreta zerbitzurik izango, baina modu autogestionatuan funtzionatzen duen heinean, erreserba eginda dutenek bertan bilerak egiteko aukera izango dute.

Garbitaniak ere grebarekin bat egin du, beraz, asteartean ez da hondakinik bilduko (ontzi arinak jasotzea egokitzen da). Hala ere, larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dutenek erabilgarri izan ditzaten.