Eduki publikatzailea
Atzealdea 0-3 ziklo osoa hartuko duen udal haur eskolaren aldeko apustua egin du udalak
2024·03·07

Haur eskolak orain arteko izaerari eustearen alde egin du udalak: udal zerbitzua izaten jarraituko du, eta 0-3 ziklo osoa barne hartuko du aurrerantzean ere, udal-gobernuko ordezkariek atzo Sutegin egindako bileran azaldu zutenez. Eusko Jaurlaritzak Partzuergoko haur eskolen doakotasuna ezarri ostean, udal haur eskola zerbitzuaren inguruan hausnartzeko konpromisoa hartu zuen udalak iaz, eta horren emaitzak azaldu zituzten.
Azken hilabeteetan, Partzuergorako bidea zein bestelako aukerak aztertzen aritu dira, eta horrek uste baino denbora gehiago hartu diela aitortu zuen bileran Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. “Erabakia abenduan iragarriko genuela esan genuen, eta bistan da ezin izan dugula gure hitza bete: ez kapritxoz, ordea. Aukera ezberdinak lantzen aritu gara, Usurbilentzat kalitatezko udal haur eskola eskaintzeko helburuz: doakotasunaren bideari muzin egin gabe, udalarentzat ekonomikoki jasangarria izan dena”.
Eusko Jaurlaritzak doakotasun unibertsaletik at utzi zituen udal haur eskolak, Partzuergoko haur eskolak dituzten eta ez dituzten herrien arteko desoreka areagotuz. Usurbilen, erabateko doakotasuna bermatu ezinda, desoreka apaltzen ahalegindu zen udala, gurasoen kuotaren %62 bere gain hartuta. Behin-behineko neurria izan zen, urtebeterako, suposatzen dion esfortzu ekonomikoa handia delako, eta denboran ezin eutsizkoa zelako: 2023-2024 ikasturtean, udalak 200.000 euro bideratu zituen haur eskolara, aurreko ikasturtean baino 120.000 euro gehiago.
Hala, ikasturte berriarekin, aukera ezberdinak lantzen aritu da udala, baita Partzuergora jotzea ere. Sartzeko baldintzen inguruan galdetuta, bi irizpide jaso zituen: batetik, sartzeko eskaera egiteaz gain, udalak instalazioak jarri beharko lituzke eta mantenu kostuak bere gain hartu; bestetik, Partzuergoak ez ditu bere gain hartzen ordura arte udal haur eskolan aritutako langileak. “Hausnarketari ekin aurretik, argi geneukan zein zen gure marra gorria: langileak. Beraz, hori ikusita, udaletik bertan behera utzi genuen Partzuergoan sartzeko aukera”, azaldu zuen Solaberrietak.
Orain lizitazio berria prestatzen ari dira, eta hori egin ahal izateko zenbait oinarri finkatu dituzte azken hilabeteetan. Aukera guztien artean, udal haur eskolak 0-3 ziklo osoa barne hartzea lehenetsi dute, herritarra eta ahal dela bertatik kudeatua izatea; haur eskolaren 22 urteotan landu den proiektu pedagogikoa eta egindako ibilbidea ere aintzat hartu dituzte. “Lizitazioa irekia den aldetik, udalak ezin du bermatu lizitatzailea usurbildarra izatea, baina kudeatu, herritik kudeatuko da”, adierazi zuen Solaberrietak. Bost urteko lizitazioa izango da (3+1+1), 2024ko irailaren 1etik aurrera hasita. Apirilaren 11n egin asmo duten ezohiko osoko bilkuran onartu nahi dituzte lizitazioaren pleguak. Horrekin batera, araudi bat ere ezarri dute, plaza kopurua, ratioak, zerbitzuaren ordutegia, kuoten zenbatekoa, matrikulazioa eta gobernantza-lankidetza markoa ezartzeko.
Datozen urteetan ere udalak 2023-2024 ikasturtean egindakoaren pareko esfortzu ekonomikoa egingo du, handiagoa ez bada. Lehen bezala, udalaren ekarpen ekonomikoa matrikulatutako haur kopuruaren araberakoa izango da, eta bere kalkuluen arabera, 216.000€ eta 268.000€ arteko ekarpena egitea egokituko zaio. Gurasoen kuota, berriz, lanaldi osokoa 60 eurokoa izango da eta lanaldi erdikoa, 40 eurokoa. Kuota horietatik at geldituko da jangela: lizitatzaileak, dena den, jangela zerbitzua bermatu beharko die, 117 euro bazkariagatik eta 20 euro meriendagatik, gehienez ere. Erabateko doakotasuna eskaini ezin duen arren, bileran gogoratu dute udalak hobarien sistema duela martxan, eta onuradunek haur eskolaren kuotan hobari nabarmenak jasotzeko aukera dutela (%50 eta %90 artekoak).
Hausnarketa prozesuan haur eskolari lotutako hainbat gairi heldu nahi izan diote, eta horietako bat izan da eraikina, Ainhoa Arrozpide ziengotziak azaldu zuenez. Izatez, eraikina berritzeko bi aurrekontu zeuzkan udalak iazko urtarrilerako, 15.000 euroko partida batez gain, baina Partzuergoko haur eskolen doakotasunaren iragarpenak eta EAEko Hezkuntza Lege berriaren negoziazio testuinguruak eraikinaren auzia gelditzea ekarri zuen, ziurgabetasun giroa sortuz. Horren ordez, doakotasunerako bidean urratsak egiten hasteko lanei ekin zien udalak.
Orain, lizitazio berria bideratuta, eraikinaren gaiari helduko diote. Azken egunetan haur eskola berri bat kaxkoan eraikitzeko eskaerei erantzunez, udala haur eskola dagoen tokian uztearen aldekoa da, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, zerbitzuak deszentralizatzeko beharra edo mugikortasun aktiboa eta belaunaldi artekotasuna sustatzeko. Horrez gain, eraikina berritzeko asmoari berriz heldu eta barrutik berritzeko 300.000 eurora bitarte jartzeko borondatea azaldu dute; eraikinari IT azterketa ere egingo diote, kanpo-elementuak nola dauden aztertzeko. Zerbitzua eten behar izan gabe egin nahi dituzte eraberritze lanak, eta, beraz, obrak faseka gauzatu beharko dituzte; bileran, 0-1 etapatik hasteko konpromisoa azaldu dute.
