Eduki publikatzailea
2024·02·05
Udal-gobernuak 2023-2027 legealdirako plana osatu du: urte horietan “Usurbiltzen” jarraitzeko 120 neurri berri proposatu ditu. “Guztira, 120 egitasmo berri proposatzen ditu, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Aldizkari batean jaso ditu guztiak, eta aste honetan banatuko dute, etxez etxe. Zereginak antolatzeko dokumentu hori udaleko langile zein ordezkari politikoentzako erreferentziazko lan dokumentua izango da, eta osatu ere elkarlanean osatu dute.
Hiru jatorri nagusi dituzte Legealdiko Planeko neurriek. Batetik, udal-gobernuak 2023ko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztutako herri programa. Bestetik, aurreko legealditik datozen proiektuak eta orduan onartutako plan estrategikoak. Azkenik, udal-langileek zein hautetsiek udazkenean egindako lan-saioetan egindako aparteko ekarpenak. Guztiak jaso eta dokumentu batean antolatu dituzte, Aztikerren laguntzarekin.
Dokumentua lanerako tresna izango da udal langile zein ordezkari politikoentzat, eta, gainera “elkarlanerako gonbidapena” izan dadin nahiko lukete, Solaberrietak nabarmendu duenez: “Bidea elkarrekin, usurbildar guztiekin, egiteko gonbidapena”.
Iaz, misioen araberako lan-jarduna abiatu zuten udalean, eta hori ere islatuta gelditu da Legealdiko Planean. Lehenengo zatian, hain zuzen, lau misioetara heltzeko egitasmoak eta ideiak proposatzen dira: trantsizio ekosoziala jorratzeko ideiak; zaintza ekosistema josteko lan-ildoak; 650 Usurbil Bizi herri-proiektua garatzeko egitasmoak; edota udala herritarrengandik gertu egoteko proiektuak. Bigarrengoan, gainerako arloetarako neurri gehiago jasotzen dira, besteak beste, euskara, kultura, kirola, parekidetasuna, aniztasuna edota Usurbilgo herri-auzoetarako proposatutakoak.
2023-2027 Legealdiko Plana: deskargatu.