Eduki publikatzailea

Atzealdea “Usurbil, herri zaintzailea” ekitaldia, martxoaren 29an

Usurbilgo zaintza ereduaren inguruan azken urteetan egindako lanketa publikoki aurkeztuko da: arreta ereduaren eraldaketa, ekosistemaren elementuak eta herrian martxan dauden ekimen komunitarioak ezagutzeko aukera izango da. Ekitaldia martxoaren 29an izango da, Sutegin, 11:00etatik 13:30era: usurbilkultura.eus -en eskura daitezke gonbidapenak.

2025·02·19


Usurbilgo Udalak zaintza ereduaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu eta arreta eredu berriaren inguruko azalpenak emango ditu Usurbil, herri zaintzailea ekitaldian: urteotan elkarlanean aritu den hainbat eragilerekin batera egin dute ekitaldiaren aurkezpen prentsaurrekoa. Nabarmendu dutenez, ekitaldi hori udalak eskaintzen duen arreta ereduaren eraldaketaren mugarri izango da. Ekitaldia martxoaren 29an izango da, 11:00etatik 13:30era, Sutegin: Usurbil Kulturan eskura daitezke gonbidapenak.

Usurbilgo Udalak hainbat urte eman ditu, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean, zaintza eredua eraldatzeko lanketan. Partaidetza prozesu bat egin zuen 2021-2022 artean, eta 2023-2024 urteetan eredu berriaren inplementazioari ekin zion, eredu berrira iristeko eman beharreko pausoak eta lanak finkatu zituen bide-orri bat zehazten. Orain, eskaintzen duen arreta eredua eraldatzeko unea iritsi da, eta martxoaren 29ko ekitaldia mugarri izango da, zentzu horretan.

Herri zaintzailea izateko udalaren bidelagun diren hainbat elkarte, talde eta norbanako izan dituzte ondoan, gaur, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Maria Salsamendi udaleko Gizarte Zerbitzuetako buruak: Hurbilago merkataritza elkartea, Lahar Elkargoa, Arreta, Txirikordako bizilagunak, Egurtzegiko Eguneko Zentroa eta zaintzadun etxebizitzen auzunea, komunitate lantaldea, Matia, Zabalduz kooperatiba, zaintzaile profesionalak eta udal-langileak.

Usurbil, herri zaintzailea ekitaldiak lau zati izango ditu. Lehenengo, izen bereko dokumentala estreinatuko da: Usurbilgo zaintza ereduaren eraldaketa islatzen du ikus-entzunezkoak. “Herri proiektu honetan parte hartu duten edo parte hartzen ari diren herritarrak eta eragileak dira protagonistak: haienak dira ahots nagusiak”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Guztiei esker ona adierazi, eta Usurbilentzako ez ezik, zaintzaren inguruan bide bera jarraitu nahi duten beste herrientzat ere tresna garrantzitsua izango dela nabarmendu du.

Udalak eskaintzen duen arreta ereduaren eraldaketa aurkeztuko dute, ondoren. Hau da, zerbitzuak edo baliabideak eskaintzetik pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte hartzailean osatutako bizi-planak zer diren azalduko da: zaintza behar duen pertsonari erabakimena eman eta bere bizi-proiektuari, ahal den heinean, jarraikortasuna emateko tresna izan dadin nahi du udalak. Solaberrietak azaldu duenez, udaleko gizarte langileek etengabeko formazioa jaso dute, urte luzeotan, Matiaren laguntzarekin: “Begirada aldatzen, lan-tresna berriak eraikitzen eta zaintzen alorrean ditugun zerbitzuen artikulazioa, koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatuko duen antolaketa eta egitura berri bat eratu dugu. Dagoeneko lantalde ezberdinak ditugu martxan, eta modu ekosistemikoan eta koordinatuan lan egiteko mekanismoak ari gara eratzen”.

Ondoren, Usurbilgo zaintza ekosistemaren egitura berria aurkeztuko dute: ekosistema osoaren argazkia ez ezik, elementu bakoitzaren inguruko azalpenak emango dituzte, udaleko gizarte langileek nabarmendu dutenez.

Horren ostean, herri zaintzaile bat zer den irudikatuko dute, Usurbilen helburu horrekin bat eginda lanean ari diren proiektuak aurkeztuz. Gogoratu dutenez, zaintza komunitarioa artikulatu asmoz lanean dabil talde bat, “udaletik egin daitekeenaz harago, asko baita komunitateak egin dezakeen ekarpena herrikideen ongizate komunitarioa lortzeko”.

Zaintza beharrak bizitzaren hainbat etapatan behar izateaz gainera, sortzen dituzten arrazoiak ere askotarikoak izan daitezkeela nabarmendu dute. “Egoera ugarik sortzen dituzte zaurgarritasunak eta hauskortasunak, eta komunitateak asko eman dezake, zentzu horretan: zaintza, ongizatea eta komunitatearen parte izatea elkar lotuta daude”. Hala, izaera ezberdinekoak diren eta herrian martxan dauden edo jartzekoak diren ekimen komunitarioek beren lekua izango dute aurkezpenean ere: Txirikordako orduen bankua, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman programa, merkataritza zaintzailea eta gazteak eta buru osasunaren lanketa.

Usurbil, herri zaintzailea” ekitaldia: egitaraua

Martxoaren 29an, 11:00-13:30

1 Dokumentalaren aurkezpena: “Usurbil, herri zaintzailea”

2 Arreta ereduaren eraldaketa: bizi-planen aurkezpena

3 Usurbilgo zaintza ekosistemaren egituraren aurkezpena

4 Komunitatearen ekarpena: Usurbilen martxan dauden proiektuen aurkezpena. Txirikodaren ordu bankua, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman programa, merkataritza zaintzailea, gazteak eta buru osasunaren lanketa.