Eduki publikatzailea

Atzealdea “Usurbil, goazen kalera” ibilaldiaren ikasturte berriko lehenengo saioa, irailaren 17an

Irailetik abendura arteko ibilbideen egutegia aurkeztu da: Usurbilgo kaxkoan, Aginagan, Santuenean eta Zubietan egingo dituzte, txandaka. Astearteetan izango dira, 10:30etik 12:00etara bitartean, eta parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa jarriko dute saio bakoitzaren amaieran.

2024·09·13


Ikasturte berriarekin martxan jarriko dituzte, berriz ere, Usurbil, goazen kalera ibilaldi osasuntsuak: asteartean, irailaren 17an, egingo dute lehenengo saioa, eta abendura arteko egutegia aurkeztu da. Astearteetan egingo da, 10:30etik 12:00etara: ibilaldi bakoitzaren amaieran parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da, Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek prestatuta. Ibilaldien hasiera eta amaiera tokian tokiko frontoietan izango da.

Apirilean berreskuratu zituzten ibilaldi osasuntsuak, eraberrituta. Batetik, Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagan, Santuenean eta Zubietan ere egiten dituzte ibilaldiok: saio bakoitza tokian tokiko jubilatuen elkarteak eta ikastetxeak antolatzen dute. Bestetik, astean behin egiten dituzte; ordu eta erdiko saioak dira. Gehienetan, paseoak ematen dituzte elkarrekin gazteek eta helduek, baina tarteka bestelako ekintzak egiten saiatzen dira. Nabarmendu dutenez, jubilatuek eta ikasleek ez ezik, nahi duen orok parte hartu dezake.

Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi ditu ekimenak. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakontzea. Horretarako, jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatzen dituzte saioak, udalaren laguntzarekin: Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere badu helburu, komunitate izaera sustatzearekin batera.

Deskargatu egutegia: hemen.