Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Usurbil goazen kalera’ ibilaldiak berreskuratuko dituzte urriaren 13tik aurrera
2021·09·29
Urriaren 13tik aurrera ‘Usurbil goazen kalera’ ibilaldiak berreskuratuko dituzte jubilatuen elkarteek, udalarekin eta anbulatorioarekin elkarlanean. 2020ko martxotik etenda egon dira, alegia, Covid19aren osasun krisiak eztanda egin zuenez geroztik. Berreskuratzea erabaki dute orain, eta horretarako zenbait egokitzapen egingo dituzte, izena emandako jende kopuruaren arabera, segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko.
Adinekoek eta mugikortasunerako zailtasunak dituzten herritarrek jarduera fisikoa egiteko antolatzen da ‘Usurbil goazen kalera’ ibilaldia. Ohiko formatuan, asteazkeneroko ibilaldiaren ostean zigilu bat jaso ohi zuten erabiltzaileek nork bere fitxan, parte hartu zuela ziurtatzen zuena. Orain, ordea, ez dute materialik konpartituko, eta beste era batera erregistratuko dituzte parte-hartzaileak.
Iaz, irailean, ibilaldiak antolatzeko baldintzarik ez zegoenez, galdetegi bat bidali zieten 65 urtetik gorako herritarrei. Orain, haien eskariz berreskuratuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek asteazkenero izango dute horretarako aukera: 11:00etarako Artzabalera azaldu baino ez dute egin behar.