Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Usurbil goazen kalera’ ibilaldiak, aztergai

Galdetegi bat jasoko dute 65 urtetik gorako herritar guztiek datozen egunetan, asteazkeneroko ibilaldien inguruko iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Hiru jubilatuen egoitzetako tabernetan, udaletxean zein osasun etxean kutxa bana jarri dute, erantzundako galdetegiak jasotzeko.

2020·09·10


Usurbil goazen kalera ibilaldien inguruko galdeketa bat bidaliko diete 65 urtetik gorako usurbildarrei datozen egunetan. Izan ere, kolektibo horren jarduera fisikoa sustatzeko jaio zen Usurbil goazen kalera ekimena duela hiru urte. Herriko hiru jubilatuen elkarteek eta Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuek elkarlanean sortutako galdetegia da bidaliko dutena. Bueltan jasotzeko, bost kutxa jarriko dituzte: bana hiru jubilatuen egoitzetako tabernetan, udaletxean zein osasun etxean. Irailaren 25a izango da galdetegiak uzteko azken eguna.

Izatez, galdetegia udaberrirako bidaltzea zen asmoa, baina hori ere Covid19-ak gerarazi zuen: bai galdetegiaren bidalketa, bai ibilaldiak. Asteazkeneroko ibilaldietako parte hartzea beheraka egiten ari zela jabetu ziren antolatzaileak, eta horren zergatiak jakiteko pentsatu zuten galdetegiak egitea. Orain, nahiz eta ibilaldiek etenda jarraitzen duten, galdeketarekin jarraitzea pentsatu dute, martxora arte ibilaldien inguruko zein iritzi zuten jakiteko, eta Covid19-ren testuinguruan nola ikusten duten jakiteko. Izan ere, litekeena da kalera atera eta kutsatua izateko beldurrak ibilaldi horien parte hartzean eragina izatea.

Erantzunak jasotakoan baloratuko dute, guztien artean, ekimenak zein bide har dezakeen aurrerantzean. Antolatzaileek galdeketa erantzutera deitu dituzte 65 urtetik gorako herritarrak: “Galdetegi honek duen garrantzia kontuan izanda, zure arrazoi, iritzi zein eskaerak ezagutzeko helburuarekin, galdetegia osatzeko esfortzu berezi bat eskatzen dizugu. Aldez aurretik, mila esker!”.