Eduki publikatzailea

‘Santuenea elkarlanean’: auzoa bizigarriago izateko parte-hartze prozesua, ekainetik aurrera

Santueneari begirako plan integral bat egingo du udalak, auzotarrekin batera: auzoaren berroneratze integrala, eraikuntzen eta urbanizazioaren birgaitze jasangarria eta komunitatearen behar sozialak uztartu nahi dituzte auzo planarekin.

2021·05·20


Usurbilgo Udalak, Santueneako auzotarrek eta Hiritik At kooperatibak prentsaurrekoan aurkeztu dute datozen hilabeteetan auzoan Santuenea elkarlanean izenburupean egingo duten parte-hartze prozesua. Horren helburua da, amaieran, Santueneari begirako auzo plan bat izatea, auzoa bizigarriagoa izan dadin eman beharreko pausoak jasoko dituena. Ekainaren 16an hasiko dute prozesua, Hiritik At-ek gidatuta, eta urte amaierara bitartean egingo dute.

Herrigunea ez ezik, Usurbilgo herri-auzoak ere bizigarriak izan daitezen nahi du udal-gobernuak, Lur Etxeberria zinegotziak azaldu duenez. “Aurreko legealdian Aginagan izan ginen, eta legealdi honetan ere zenbait urrats egin ditugu norabide horretan: Zubietan, Txokoalden eta Kalezarren izan gara, eta orain Santuenera gatoz”. Etxeberriak gogoratu duenez, 1960-70eko hamarkadan lanera etorritako jendea bizitzeko auzo asko modu bertsuan eraiki ziren, garai hartako eskakizunekin: normalean isolamendurik gabe, igogailurik gabe... Adibidez, gaur egun ez bezala, garai horretan ez zegoen irisgarritasunaren inguruko irizpiderik. Horren adibide izan daitezke, Usurbilen, Santuenea, Etxealdia, Munalurra edo Atxegalde.

Santueneari begirako plan integral bat auzotarrekin egitea udalaren “lehentasunen artean” dagoela nabarmendu du zinegotziak, eta haiek ere ados agertu dira. Horren erakusle, Santueneari bizitza ematen dioten hiru elkartek onartu dute prozesuan parte hartzea: jai batzordeak, jubilatuek eta auzo-kultur elkarteak. “Auzo plan bat egitera goaz Santuenearentzat, bertako biztanleen egunerokoa nabarmen hobetuko duen esperantzarekin. Modu honetan, gainera, auzotarrak ahaldundu zein auzoaren izaera komunitarioa indartu nahi ditugu”.

Alor ekonomikoari ere erreparatu dio Etxeberriak. Izan ere, Covid19-ak eremu guztietan eragin du, baita udalean ere, eta horrek erabat baldintza dezake udalaren ekiteko gaitasuna. “Dena den, Santuenea bizigarriago baten alde lan egiteko konpromisoa du udal-gobernuak. Europako Batasuna banatzekoa den Next Generation laguntzekin bete-betean egiten du bat Santuenean egin nahi dugunak, auzoak integralki berroneratzeko zein etxebizitzak birgaitzeko proiektuak diruz laguntzeko lerroak zehaztu baitituzte. Hortik dirurik iristen bada, Santueneara bideratuko dugu”.

Etxeberriaren esanetan, dirulaguntza horiek jaso ahal izateko beharrezkoa da etxeko lanak eginda izatea, eta horregatik ekingo diote ekainean parte-hartze prozesuari. Auzotarrei eskerrak emanez amaitu du: “Udalaren aldetik, eskerrak eman nahi dizkiet auzotarrei prozesu honetan parte hartzeko erakutsi duten borondateagatik. Guztion artean Santuenea bizigarriago bat lortzea espero dugu”.

Parte hartzeko gogoz

Ainhoa Arrozpidek, auzoko elkartearen aldetik, orain arte udalarekin izan dituzten harremanak azaldu ditu: “Pandemiaren aurretik hasiak ginen elkartzen zenbait auzotar, kezkatuta geunden auzoak zituen zenbait behar eta gabeziarengatik. Horiek guztiak udalari helarazi genizkion, eta espero genuena zen esku-hartze konkretu batzuk egitea. Aurkeztu diguten parte hartze prozesu hau, egia esan, askoz anbiziosoagoa da, maila handiagoan eragin nahi du, eta guretzako oso berri pozgarria izan da. Iruditu zaigu garrantzitsua dela aurkeztu diguten lan eredua, gure hitza bertan egotea nahi dutelako, bai elkarteena baina baita auzotarrena ere. Alegia, guk irudikatzea etorkizuneko Santuenea nola izatea nahiko genukeen eta guretzat hori aukera paregabea da”.

Maribi Arrozpidek azaldu duenez, jai batzordea, auzoko elkartea eta jubilatuen elkartea batu dira prozesura. “Hiru bilera egin genituen udalarekin, eta oso gustura gelditu ginen. Oso gustura gabiltza”.

Xabi Ibarra santuenearrak sortu du prozesuaren irudia. Diseinatzailea da ofizioz, eta bere burua eskaini zuen zeregin horretarako. Santuenea elkarlanean leloa Ibarrak eta udalak elkarlanean sortua da. “Prozesurako sortu dugun logoak zubia erakusten du, zubiak elkartu egiten gaituela adierazten duelako, bai gure artean, baita herriarekin ere. Jai batzordearen izenean, aukera hau aprobetxatu nahi dugu ze uste dugu oso erakargarria dela auzoarentzat eta herritarrentzat, ze horrela gure arteko harremanak landu ahal izango ditugu”.

Iker Eizagirre Hiritik At-eko kideak azaldu duenez, lautan banatu dute parte-hartze prozesua:

  • Aurre-fasea (ekaina). Santueneako auzo planak Usurbilgo testuinguru orokorra kontuan izan behar du (batik bat, HAPO-aren garapena), eta baita ere aurretik egin diren eta martxan dauden esku-hartze proposamenak ere. Testuingurua ezagutzeko bi saio antolatu dituzte:
    • Ekainaren 16an: HAPOa eta auzo planaren aurkezpena auzokideekin.
    • Ekainaren 30ean: Santueneako irisgarritasun proiektuaren aurkezpen irekia.
  • Diagnostiko parte-hartzailea (iraila-urria). Entzute fasea izango da, auzoan den jakintza metatua jasotzeko. Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere.
  • Garapena (urria-abendua). Auzoaren lehentasunak definituko dituzte, behar nagusiak. Horiei erantzuteko konponbideak topatuko dituzte, eta planari begirako zehaztapen teknikoak landuko dira. Besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, auzo ekonomia, zerbitzuak, zaintza, energia edota gobernantza bezalako eremuak landuko direla aurreikusi dute.
  • Itzulpena (urtarrila). Auzotarrentzat zein udalarentzat erabilgarria izango den auzo plana dokumentua osatu eta auzotarrekin kontrastatuko dute.

Eizagirreren esanetan, koordinaziorako lantalde bat sortzen saiatuko dira, Hiritik At-en lanari jarraipena egingo diona eta udalarekin harreman iraunkorra izango duena. Prozesuan zehar sortutako materiala Usurbilgo Udalaren webgunean txertatuko dute, prozesua hastearekin batera propio sortuko den orrialde batean.