Eduki publikatzailea

‘Pandemiak, distopiak eta mundu berriak’ ikastaroa emango dute Jakinek eta UEUk Usurbilen

Uztailaren 16an egingo dute Covid19 birusaren osteko testuinguruari buruzko ikastaroa: izena emateko epea zabalik dago.

2020·05·25


Covid19 gaitzaren ondorena irudikatuko dute ‘Pandemiak, distopiak eta mundu berriak’ ikastaroan, uztailaren 16an, Usurbilen: UEU Udako Euskal Unibertsitatearen, Jakin Fundazioaren eta Usurbilgo Udalaren artean antolatu dute. Ohi bezala, Udarregi ikastolan egingo dute, baina segurtasun neurriak tarteko, leku kopurua mugatuko da eta egun bakarreko ikastaroa izango da. Izena emateko epea ireki dute gaur.

Covid19aren pandemiari eta bere ondorioei diziplina eta ertz desberdinetatik begiratzeko saioa izango da ikastaroa: “Politikaren egikaritzatik, iruditeria eta filosofiatik, zaintza eta despatriarkalizazio prozesuetatik, ekologia sozialetik, egia eta egia-ostearen talaiatik, eta baita azken lau hilabeteetan berariaz abian jarri diren elkartasun praxi berrietatik ere”.

Hauxe izango da ikastaroaren edukia:

09:00-09:30. Harrera eta dokumentazio banaketa.

09:30-09:55. Ongietorria eta sarrera

  • Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria.
  • Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria.
  • Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.

10:00-10:45. ''Izu-urtea: Biopolitika Covid19 birusaren garaian''. Mario Zubiaga. UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea 'Gure esku' ekimeneko kidea.

11:05-11:45. ''Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura''. Arantza Etxeberria. (UPV/EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea)

11:45-12:30. ''Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban''. Joseba Azkarraga Etxagibel. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea.

12:30-13:15. ''Egia-ostea ziurgabetasun garaian''. Irati Zubia. Filosofian lizentziaduna eta EHUko Filosofia saileko doktoregaia.

15:00-15:45. ''Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar''. Teresa Larruzea, Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatetik.

16:00-17:30. Tailerra: ''Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'':

  • Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea.
  • Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.