Eduki publikatzailea

‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat’ Uemaren adierazpena onartu dute, osoko bilkuran

Azken hilabete eta asteetan Udal Legearen inguruan izandako epaiak salatu dituzte, “euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen” dutelakoan. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dute adierazpena; PSE-EEk aurka bozkatu du.

2023·10·30


Azken hilabete eta asteetan Udal Legearen inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zein EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien harira, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat’ Uemaren adierazpena onartu dute urriko osoko bilkuran, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EEk aurka bozkatu du. Adierazpenaren bidez, udalak herritarrak deitu ditu euskararekin bat egin eta Bilboko azaroaren 4ko mobilizazioan parte hartzera.

Adierazpenean nabarmentzen denez, Eusko Legebiltzarrak “kontsentsu zabalarekin” onartu zuen epaitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak ere “argi” erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Azken epaiek “euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen” dutela ohartarazi dute, eta udalek “lege-orube sendoa” ezinbesteko dutela aldarrikatu dute.

Hona adierazpenaren puntuak:

  1. Kezkaz eta larritasunez hartu ditugu euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako azken epaiak, guztietan berbera izan baita norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat.

  2. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiek bete-betean eragiten diete UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza plangintzari, kontratazioari eta euskara lehenesteari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia hauek oztopoa besterik ez dakarte. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik, ordea: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko.

  3. Sententzia horiek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa.

  4. Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du Udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da.

  5. Udalak, asmo hori garatu ahal izateko, ezinbestekoa du lege-orube sendoa. Hortaz, Udalak dei hau egin nahi die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei: nork ere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko.

  6. UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin, eta epai hauek beste arrazoi bat jarri dute kalera ateratzeko: euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da. Horregatik, UEMAko kide den heinean, euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die udalak herritarrei.

Uemaren adierazpena irakurrita, EH Bilduk eta EAJ-k adierazpenaren aldeko botoa eman zuten. PSE-EEko zinegotziak, berriz, aurka bozkatu zuen, eta uztaileko osoko bilkuran adierazitakoa errepikatu zuen: “Lehenik eta behin, erabateko errespetua erabaki judizialei. Sozialistok hizkuntza eskubideak defendatzearen aldeko apustua egiten dugu, hau da, herritarrek administrazioarekin askatasunez aukeratzen duten hizkuntzan hitz egiteko duten eskubidearen aldekoa. Jakina denez, sozialistok Euskadiko toki erakundeei buruzko legearen aurka bozkatu genuen, eta zenbait artikulu Konstituzioaren aurkakoak izan zitezkeela ohartarazi genuen. Orain, Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren aurkakotzat jotzen ditu lege horren zenbait artikulu. Hori esanda, gure taldetik beti lagundu ditugu euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko programak eta ekimenak, eta uste dugu eztabaida ezin dela inoiz egon eskubide linguistikoak beste eskubide batzuei aurre egiten”.

Adierazpena osorik deskargatzeko: hemen.