Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Migrazioari maskarak erauzten’ ikus-entzunezkoa, sarean
2021·04·20
Usurbilgo Udalak sarean jarri du ikusgai Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras ikus-entzunezkoa. Migrazioaren inguruko esperientziak eta diskurtsoak jaso ditu udalak ikus-entzunezko honetan, protagonisten ahotsean, Aztikerrek egindako Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen ikerketaren osagarri*. Martxoaren 27an estreinatu zuen lan hori, Sutegin, jatorri aniztasunaren inguruko 2021eko Mundualdiaren barruan. Laster, liburutegian maileguan hartzeko aukera izango da, USB formatuan, eta ikusteko interesa agertu duten hainbat talderekin harremanetan da udala, emanaldiak antolatzeko.
Ikus-entzunezkoan, Usurbilek jasotako bi migrazio prozesu nagusiei erreparatu die: 1960/70eko hamarkadan Espainiatik etorritakoari, eta 2000. urteaz geroztik munduko hainbat tokitatik etorritakoenari. Arreta lehenengoan jarri du, aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko helburuarekin. Aztikerren ikerketan parte hartutakoak dira ikus-entzunezkoan ageri diren gehienak: hamasei, guztira.
Urteak dira Usurbilgo Udalak jatorri aniztasunaren azterketa egiten duela, haien jaiolekua kontuan hartuta: Usurbilgo biztanleak non jaioak diren azaltzen du, bestelako hainbat aldagairekin batera. Oraingoan, ordea, jauzi kualitatibo bat eman du: azterketa kuantitatiboa ez ezik, migrazioaren inguruko esperientziak eta diskurtsoak biltzera jo du, guztien arteko elkarbizitzan sakontzeko asmoz. Zentzu horretan, herritarrekin egindako elkarrizketek udalak aurrera begira zein urrats egin ditzakeen definitzeko balio izan dute, eta lanketa horretan murgildurik dago une honetan.
Ikus-entzunezkoaren ekoizlea Usurbilgo Udala izan da, eta Creative Commons lizentzia du [Aitortu – Ez-Komertziala – Lan Eratorririk gabe].
* Ikerketa: osorik eta laburpena.
Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras