Eduki publikatzailea
Atzealdea “Kulturgintzan ekin” tailerra emango du EHZ-k Usurbilen, Arrobitxulorekin elkarlanean
2026·02·27

EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek Kulturgintzan ekin tailerra eskainiko dute Usurbilen, Arrobitxulorekin elkarlanean, 16-20 urte bitarteko gazteentzat. EHZ-k eskura duen material didaktikoa baliatuko dute saiorako: ekitaldiak nola prestatu ikasiko dute, baita ikasitakoa praktikan jarri ere. Tailerra martxoaren 14an egingo dute, Usurbilgo Gazte Egunaren barruan: 11:30etik aurrera izango da, Artzabalgo gazte lokalean: galdetegi bat beteta eman behar da izena.
EHZ-k eskuratu zuen Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren bigarren deialdia, 2024ko udazkenean abiatu zena, EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuarekin. EHZ-ko kideek aurkezpen hartan azaldu zutenez, EHZ adibide harturik euskal musikagintzak izandako bilakaera aztertzea dute helburu, baina harago ere joan nahi dute: “Ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara: musikagintzak eta kulturgintzak, oro har, sorkuntza behar du, zaleak behar ditu, eragileak behar ditu eta boluntarioak behar ditu”. Jon Mikel Azpiazu Gazteria eta Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, EHZ-k 30 urteko ibilbideari erreparatu dio bekaren bidez, “ez ariketa nostalgiko gisa, baizik eta aurrera begira lanean jarraitzeko oinarri sendoak eraikitzeko”.
Azpiazuren esanetan, “luxua” da EHZ festibalaren gisako eragile bat bidelagun izatea, duen eskarmentuagatik eta egiten duen lanagatik. Eskerrak eman dizkie festibaleko zein Arrobitxuloko kideei, halako “ekimen ederra” antolatzeagatik, baita Aztarrika gazte asanbladari ere, herriko gazteen aktibaziorako motor izateagatik eta erreferente izaten jarraitzeagatik: “Kultur ekimenez beteriko herri bizia dugu, eta hori kultur eragileei esker da: tailer honekin haziak jartzera goaz, urte askoan hala izaten jarraitu dezan”.
EHZ-k hainbat euskarri sortuko ditu bekaren bueltan: “labetik ateratzen hasi berri den” Uhinen Ildoan podkasta, EHZ-ren ibilbidea jasoko duen liburua (maiatzean aterako da) eta jaialdiari buruzko dokumentala (udazkenean). Horrekin batera, Arrobitxulorekin batera kultur eragiletzaren inguruko tailerra egingo dute, EHZ-k eskura duen material didaktikoa eta 30 urtetako eskarmentua lagun. “Guretzat funtsezkoa zen Usurbilgo herrian bertan elkarlanerako aukerak bilatzea eta gazteak kulturgintzan konprometitu daitezen akuilu izatea”, nabarmendu du Aitor Servierrek. Hala sortu da, hain zuzen ere, Kulturgintzan ekin tailerra.
Servierrek azaldu duenez, tailerreko parte hartzaileek landuko dute kultur ekimen baten antolaketaren oinarrian zer nolako gogoeta eta praktikak dauden, nolako ekarpena egin daitekeen herri edo eskualde bateko kultur ekosisteman, eta abar. Gainera, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute: kultur ekitaldi bat antolatuko dute tailerrean, EHZ-ko kideen laguntzarekin eta udalaren babes ekonomikoarekin. “EHZ eta Arrobitxuloren arteko lankidetza emankorra bezain oparoa espero dugu, eta seguru gaude guk ere asko daukagula ikasteko Usurbilgo gazteengandik”, nabarmendu du Servierrek.
Arrobitxuloko eta Aztarrikako kide Anje Labaka eta Aitana Davila pozik agertu dira EHZrekin elkarlanean aritzeko izandako aukeragatik. Labakak gogoratu duenez, 2024an Aztarrika gazte mugimenduak, Kulturguneak, Ziortzak eta Gaztelekuak egindako partaidetza prozesuaren bidez, bost helburu jarri zizkioten Arrobitxulori: sen komunitarioarekin aritzea; elkarlanean jardutea; euskal kulturgintza hauspotu eta transmisioa bermatzea, askotariko jardun eta eskaintza bermatzea eta gazteen beharrak asetzea eta herritar aktibo bihurtzea. Helburu horiek lortzeko tresna izango da EHZ-rekin antolatutako tailerra, Davilak azaldu duenez: “Oraingoz egoitza fisikorik ez badu ere, Arrobitxulo bizirik dagoen proiektua da: Kulturgintzan ekin tailerra gure helburuak lortzeko, sustatu nahi ditugun baloreak sustatzeko ekimen ezin aproposagoa dela iruditzen zaigu”. Tailerra 16-20 urte arteko gazteei zuzendua dago: “Herri mugimendura aktibatu daitezkeen gazteak bilatzeaz gain, dagoeneko martxan daudenak bertan egotea ere garrantzitsua iruditzen zaigu”.
JMT bekaren bigarren irabazlea
Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942 – Usurbil, Gipuzkoa, 2020) hil eta bi urtera, haren izena eta izana uztartuko zituen egitasmo bat abiatu zuten Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak, “Usurbildik Euskal Herriari ekarpen bat egiteko, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz, ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan arreta jarrita”, gogoratu du Azpiazuk.
2022an lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, bekaren deialdia bi urtean behin egiteko asmoz: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Lehenengo deialdia Metrokoadroka Kolektiboak irabazi zuen, Artxibo biluzia proiektuarekin, 2022 amaieran. Bigarren deialdia EHZ-k eskuratu zuen, EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuarekin.

